Trasteak eta lagun giroa

Truke azoka bateko artxiboko irudia.

Aitor Larrañagak Urola Kostako Hitza egunkariaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ez, bi kontu horiek ez dute zerikusi handirik. Beno, izan dezakete, Gabonetan bi gaiak uztartzen ditugu eta. Alde batetik, urtea amaitzear dugun honetan berriro hasiko gara honi eta hari zer oparitu pentsatzen. Eta horrek gaur egun etxe guztietan soberan daukaguna ekartzen dit gogora: trasteak. Intentzio onenarekin oparitutako zientoka opari pilatzen zaizkigu etxeko armairuetan. Heldu bilakatzen garenean opari asko izateko joera gutxitzen dugu, baina umetan? Hori da erokeria! Ume gutxiago izan ohi ditugu gaur egun eta osaba-izeba, aiton-amona edo lagunen opari guztiak esku gutxitan erortzen dira, eta eskertzekoa da, noski, oparien atzeko intentzio ona. Baina hori da piloak egiten dituguna! "Ai! Horrelakorik ba al dauka ba?", harridurari nire erantzuna: "Ez dakit zer ez daukan egia esan!". Umeen jolasetan zentratu naiz, baina oparitzen diren arropa piloak? Beste hainbeste! "Lasai, aldatu daiteke eta. Beste kolore batekoa hartuko dut".

Gauzek duten garrantzia ukaezina da, baita ingurumenaren ikuspuntutik ere. Oparitutako tren, adreilu, puzzle edo mahai jokoak egiteko errekurtso ezberdinak atera dira munduko leku ezberdinetatik. Lantegi ezberdinetara moldatu dira material horiek, eta hainbat eta hainbat produktu lortu. Arropa edo oinetako bakoitza egiteko ere plastiko, zuntz, metal eta abar konbinatu eta munduko hainbat puntutako baliabideak xahutzen ditugu. Bestalde, gaur egun krisi ezberdinak ari gara bizitzen, baina gure aitonek gosea eta gerra ezagutu zuten. Pobrezia horretatik pasatutako edonork gordeko ditu amorrazioz bere etxera etorri diren gauza guztiak eta oparitutako traste guztiei balioa emango diete. Zorionez, garai horiek pasatu dira jada eta, gaur egun, denetik behar duguna baino gehiago izan ohi dugu.

Eta orduan, zer oparitu daiteke? Alternatiba ezberdinak daude. Zergatik ez bigarren eskuko zerbait? Errekurtso berriak erabiltzera behartu beharrean, eginda daudenak berrerabili eta bizitza berri bat eman dakieke. Gaur egun gainera asko erraztu da bigarren eskuko gauzen salerosketa, eta diru apur bat egiteko modua ere izan daiteke. Bestalde, zergatik oparitu gauza bat? Zergatik ez gustura jango duen jaki goxo hori? Edo afari bat gogoko leku horretan? Asteburu bat landetxe batean? (azken hori irabazteko oso txintxo portatu beharra dago...). Bide batez, gainera, elkarrekin denbora on bat pasatzeko aukerak sortzen ariko gara. Nire semeek gogoan dituzte opari modura egindako plan berezi horietako guztiak, opari materialen inguruan ezin dut gauza bera esan... Bide batez inguruko negozioei esku bat botako genieke gainera; guztiok irabazten dugu.

Gabonak aipatu eta burura etortzen zaidan bigarren gaia lagun giroarena da. Garai aproposa datorkigu gainera hori lantzeko. Bazkariak, afariak, edozein modutako juntadizoak soberan izango ditugu. Eta noski, hizketarako gai ezberdinak aterako dira. Batzuk beste batzuk baino interesgarriagoak edo gustagarriagoak, baina, mesedez, saia gaitezen denok giro ona lortzea arrazoia izatearen aurretik jartzen. Zahartzen ariko naiz beharbada, baina illuminatien matrakak gero eta gehiago aspertzen eta nekatzen naute. Zientzialarien gehiengoak modu batera ikusten ditu kontuak, baina ez, gutxiengo batek esandakoa da egia: halako web orri, bideo edo liburutan irakurri duelako. Gaur egun edozein ideiari buruz, aldrebesenei buruz ere, izugarrizko materiala dago eskuragarri Interneten. Mundua laua dela ere esaten dutenak badira! Gai horiek grazia eduki dezakete kuriositate moduan planteatzen badira, baina egia bezala zabaltzen saiatzen eta mahai handietan ondokoaren ikuspuntua lotsagarri uzteko intentzioarekin hitz egitean grazia guztia galtzen du kontuak. Eta gainera, horrelakoetan sortzen dira buelta emateko zailak diren haserreak. "Zer dela eta zeudek haserretuta?", "COVID-a...". Benetan? Hori al da elkarrekin pasatzen ditugun ordu apurrak aberasteko modua? Desatseginak diren gaiei buruz hitz eginda? Haserretzea ez bada ere bi parteetako bat isilik geratu eta amen esatea lortzea? Nik nahiago beste era bateko elkarrekintzak izatea. "Eta ez al dut ba edozertaz hitz egiteko eskubiderik?", esango du norbaitek. Zergatik izan gai tabuak? Eta, zergatik ez? Nik ez dut Gabon zaharretako afarian sexuari buruz hitz egiteko beharrik sentitzen, eta ez dut uste hori horrela ikusten duen bakarra naizenik. Modu berean, gai konfliktiboen inguruan jardutea ere ekidin daiteke elkartze horietan. Niri behintzat on handia egingo lidake... Eta familia edo lagun arteko erlazioei ere bai ziurrena...