Zakur amorratuak

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Olaizola | Artikulua
2005-11-30 12:11

Titiriteroei adarra jotzea zilegi dela dirudi batzuentzat. Ordubete luzez taula gainean atzera eta aurrera isildu ere egin gabe aritzea, “txorrada” bat dela.

“Batzuk” horiek, azaroaren 22an Soreasura hurbildu ziren. Goizez eta arratsaldez, eta okerrena, desberdinak zirela! Goizeko mozoloak eta arratsaldekoak mozolo desberdinak zirela.

Gazteentzako antzerki lan bat eskaintzera etorri zen Gasteizeko konpainia bat. Lau aktore, bi neska eta bi mutil. Gazteak, ikusleak baino urte gutxi batzuk zaharragoak. Gaia: Drogomenpekotasuna. Modu bizian eta azkarrean egin zituzten, droga, alkohola, gaua, harremanak eta sexuari buruzko gogoetak. Goizeko saioan izan nintzen bertan, Azpeitiko ikastetxe desberdinetako 14-15 urteko gaztetxoekin batera.

Saioa hasi bezain pronto galdetu nion neure buruari, antzerkira edo zirkora, nora etorri ote nintzen. Batzuk, zaratak eginez ahoaz, gainontzeko ikusleengan barre algarak sortuz. Beste batzuk, aktoreei zuzenean, jardunean. Neskari: “Titi punta ederrak dituzu ba!” Mutilari: “Hori atzelaria duk!” Saio osoa horrela.

Gutxi batzuk baino ez ziren, baina, denak mutilak! Morroskoak, heldu ustekoak, harroxkoak… Lotsatuta pasa nuen ordu bete osoa. Lotsa handiagoa sentitu nuen saioa bukatu eta lau aktoreak, “Matxoman” horiengana hurbildu eta modu onean, azalpenak eskatu zizkienean.

Ez dakit nola jasan zuten saio osoa taula gainean presio horren azpian lanean. Nik, ez nuke jasango. Benetan.

Lotsak-lotsa, hara non esan zidaten, arratsaldeko saioa, emanaldi erdian gelditu egin zutela! Talde buruak egoera ezin jasan eta oihu egin omen zien aktoreei saioa geratzeko. Eta hauek, noski, geratu. Gero, jarraitu omen zuten, azalpen batzuk eman ostean.

Eta nik galdetzen dut: “Matxoman” gizajo horiek, lotsa zer den ba ote dakite?

Eta erantzuten diot neronek neure galderari: Eta hauek, urte gutxi barru, gazteak izango dira. Zer nolako gazteak? Gogoeta ez baita antzerkira joan eta portaera txarra azaldu zutela! Anekdotikoa izan liteke, (eta hala hobe) baina etorkizunari begira; usain txarra hartzen diet; benetan: Hauei, eta hauen moduko beste batzuei. Lotsagabekeria neurria gabe hori, bortizkeria nazkagarri hori… Zorionez, badakit gutxi batzuk baino ez direla, baina badaude eta ez ditut gogoko.

Ikusten ari zaren hori ez duzula gogoko? Ba, aguantatu! Han aurrean ari diren horien errua ote da ba zu zakur amorratu bat izatea?

Badaukat fedea gazteengan, benetan. Zakur amorratuei, txertoa eman beharko zaie. Baina, zergatik ez hasi gazteak beraiek, ondoan daukatenari neurriak hartzen? Oso erosoa da, “ni ez naiz izan” esan baina beronen graziekin kolaboratzea.

Azkenean, egun horretan irainak eta jarduna sufritu zuten aktore haiek baino pena handiagoa, jaberik eta legerik gabeko zakurtxo hauek ematen didatela uste dut.

Beste gauza bat ere ikasi dut: Bakoitzak bere lotsen jabe beharko dugula egin. Neronen ekintzetaz, neroni lotsatu behar, baina besteenetaz? Ahalik eta gutxien!

Erantzunak

Begoña | 2005-11-30 : 14:11

Alaitz, ulertzen dizut daukazun amorrua, baina, hemen kontatu dituzun portaera horiek, ia aste bukaero gertatzen dira Soreasu antzokian.
Aurreko batean, Soreasura joan nintzen eta pelikula hasi baino lehen susmatu nuen zer gertatuko zen. Azkeneko ilaran jarrita zeuden, hamahiru neska eta mutil, 14-15 urtekoak, ikusi egin behar zen, argiak itzali orduko, hor hasi ziren jijijaja, elkarri sekulakoak esaten eta pelikula hasi zenean, oraindik eta okerrago, halako batean, ezin agoantatu eta altxatu nintzen eta zinemako tabernara joan nintzen, hango neskari esan nion, mesedez, barrura sartzeko eta azkeneko ilarako nazkante haiek kalera ateratzeko. Neurekin batera sartu zen eta egundoko bronka bota zien, hark alde egin bezain laster hasi ziren berriro, lehen baino okerrago.
Pelikula bukatu zenean, beraiengana joan nintzen eta esan nien, zer klasetako heziketa zeukaten eta ia nora joaten ziren, ikastetxera edo ukuilura, eta harro- harro batek erantzun zidan, Iraurgi ikastetxera joaten zela. Hau da, ia astero Soreasun gertatzen dena eta honen soluzioa?, ba, hasten direnean jijijaja, KALERA ATERA SEGITUAN.

Igor | 2005-11-30 : 16:11

Tristie da baño umiek gero ta lotsagabio die, gero ta mimauo gero ta egoistio; gurasuek gero ta geyok itebe kanpun lan da etxea bueltautakun umiek edukau berrien mimau eiteitebe. Gero holakuek ertetzie,ikastetxe danetan, ekintza estra eskolarretan... hezitzaile danak ados daude, ya ez dakibe ze eiñ

Saioa | 2005-12-16 : 16:12

Nik 14-15 urte nituenean, heldutzat nuen neure burua. Eta egia esan, Alaitz, `zakur amorratu´bezala definitzen dituzun gazte horien jarrera oso antzekoa nuen. Eta ez zen ´jaberik eta legerik´ez nuelako, etxea eta kalea, familia eta lagunak mundu desberdinak zirelako baizik.
Orain ez ditut 14-15 urte, eta oraindik ez naizela heldu uste dut. Gauzak era desberdinean ikusten ditut, beste jarrera bat dut. Denborarekin ikasi eta ikasten ari naiz.
Honekin ez dut zuk aipatutako aktoreek aguantatu behar izan zutena justifikatu nahi. Ez dago dena aguantatzerik baina neurriak hartu daitezkeela pentsatzen dut, limiteak hurratu baino lehen.
Ni neu kalera botatzen ninduten.Orduan, haserretu egiten nintzen, orain ulertzen dut.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa