Garai berriei, errezeta zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia Ezker Abertzalea 2012ko eka. 29a, 18:11

Joan den asteartean, presoei dagozkien eskubideak aldarrikatzeagatik epaitu zuten Aritz Arzallus Artza Espainiako Auzitegi Nazionalean. Atzo, osteguna, jakin genuen urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dizkiotela. Ezer baino lehen, gure babesik beroena adierazi nahi diogu Aritzi.

Joan den asteartean hainbat herritar izan ginen Madrilen Arzallusekin batera eta arratsaldean herritar ugari bildu zen herriko plazan epaiketa salatu eta Aritzi babesa adierazteko Gernikako Akordioak deitutako mobilizazioan. Ez dira gutxi izan elkartasuna adierazi duten eragile eta norbanakoak.

Ertzaintza ere Madrilen izan zen, joan den urteko saninazioetan Aritz pankarta jartzen ikusi zutenak hain zuzen ere, testigu moduan. Azken finean, gertatutako guztia, Ertzaintzak  San Inazio jaien harira egindako txosten baten ondorio izan da. Ezker Abertzalearen ustez,  Ertzaintza eta bere arduradun politikoak dira guzti honen erantzuleak, salagarria da hauek duten jarrela oldarkorra. Astearteko elkarretaratzean ere, PNVko ordezkariak ez bezala (zer ote diote? non ote dabiltza?), hainbat ertzain kalez jantzita argazki kamera eskuan zutela ibili ziren.

Argi dugu, ordea, presoen eskubideak aldarrikatzeko ekimenak antolatu eta indartu behar ditugula, oztopo guztien gainetik, indarrak batuz, presoak etxean izan arte elkartasun ekimenek aurrera jarraitu behar dute. Dei egin nahi diogu PNVri ere, Madrilera keinuak egiteari utzi eta euskal eragileekin batera gatazkaren konponbidean konpromisoak hartzera.

Jazarpen guztien gainetik, indarrak batuz, presoak etxera!

Azpeitiko Ezker Abertzalea