San Inazio (II)


Aurten San Inazio hil zela 450. urteurrena dela eta, beste zera bat: 

San Ignacio de Moxos, Boliviako herria da, Amazonian dago, 7.000 biztanle ditu, eta oso behartsua da. Herria josulagunek sortu zuten, eta gaur egun frantziskotarrak daude. Hango aiton-amonek hitz egiten duten moxeño hizkuntzari, ‘ignaciano dialektoa’ deitzen diote, eta galtzen ari da; haurrek ez dakite dagoeneko.

Hain zuzen, herriko abesbatza eta orkestra Euskal Herrian dabil emanaldiak egiten. Urtarrilaren 9an abiatu ziren Europara San Ignacio de Moxoseko musika eskolako 37 ikasle (11-18 urtekoak), aurreneko hilabetean kontzertu ugari eskaini zuten Frantzian, Luxenburgen eta Belgikan, eta azkenaldian kontzertu asko eman dituzte Euskal Herrian (Hegoaldeko lau hiriburuetan, Loiolan bertan, Arantzazun, Hernanin…; argazkian, Tolosan, lehengo astean). Hilaren 17an itzuliko dira etxera.

Egiten duten ia musika guztia herriko artxibategikoa da, josulagunen garaiko eskuizkribuak, obra erlijiosoa. CDa ere grabatu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide