Lizasoren bertsoak, 'Argia'-n

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! | Artikulua
2006-06-12 10:06

Argia astekariaren 2.043. zenbakian 'Bertso berriak... Hitzari jarriak' iritzi atalean, Xebastian Lizasok egindako bertso hauek argitaratu dituzte:

Doinua: Anai arrebak hementxe nator edo Pello Joxepe

I
Gizaki orok bere ahoan
dantzari ohi du mingaina
hitz egitean, hitz ematean
betetzea da ordaina.
Garai batetik gauzak ederki
aldatuak dira baina
lehenago hitzak balio zuen
paper sendoenak adina

II
Hitzeko izan; garai bateko
euskaldun denen baldintza
alda ezina izaten baitzen
hitz ematean emaitza.
Presaren presak aldatu digu
eguneroko bizitza,
hor nonbait gabiltz pertsonak eta
hitzak haizetan dabiltza

III
Onartu ezean ez da konpontzen
sekula ere akatsik,
jasaten dugu zentzu gabeko
hitz jarioen ekaitzik.
Entzundakoak ta ulertzen denak
askotan ez dute antzik
entzundakoa ez da ulertzen
komeni zaiguna baizik

IV
Beste zenbaiten hitz erasoak
ere ez ditut onartzen
hitzak aldatuz, mina emanez
zaizkigulako oldartzen.
Esaera da gure etsaia
ez dela inoiz lokartzen
zentzugabeak saiatzen dira
hitzen zentzua aldatzen

V
Ustez arrazoi daukagunean,
elkarrizketa ez hautsi
ez dugunean, alfer-alferrik
tematu eta ez eutsi.
Hitzaren berri ezin ikasi
nahiz ta sarri erakutsi
hitzaren itzain asko ditugu
baina jarraitzaile gutxi

VI
Oraindik hitzak balio beza,
hori nahi dut nabarmendu.
Bete dezagun emandakoa
ta zurikeriak kendu.
Zenbaiten hitzen ahulezia
liskar askoren zimendu:
hitzak indarra galdutakoan
indarrak hitz egiten du

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa