Euzkitze pasabidea

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2007ko abe. 29a, 17:12

Asier Sarasolak gaur 'Berria'-n, 'Ekografiak' atalean:

---

Euzkitze pasabidea

Bai zera, zer nahiko dugu bera kalean geratzea. Kale bat eskaintzen ahal zaio Aresti gora behera; ederki emanen luke Arralden: Xabier Euzkitze pasabidea.

Izan ere, egun, 'Goenkale' dagoen egunetan izan ezik, aste osoan kausi dezakegu Euzkitze telebistan. Asteazkeneko 'Kalaka', osteguneko 'Baserria 1907' (aurkezle izateaz gain, gonbidatu bezala azaldu da), eta asteburuko pilota partiden kontakizuna (gainontzeko edozein egunetan gerta daiteke halaber), guztietan ere egoki, zuzen eta poliki agertzeko gaitasunarekin. Ez zaio erraza suertatuko arakatzen hasi nahi duenari, hainbesteko maiztasunez eta aniztasunez jarduten den aurkezle bat topatzea telebista publikoetan.

Kalakarien iritzi ekaitzaren barnetik eta eztabaidaren lema lumaren gisara erabiliz, ibilera atsegina da bidaiari ikuslearentzat Euzkitzeren gidaritza daraman saioa. Martutenen egindako elkarrizketa batek ederki emanen luke 'Kalaka'-n. Ibarretxe eta Adams izan ziren bezain ederki. Markos Zapiainen perpaus hegalariekin irri egiten duen Euzkitze, beti-beti, errealizazioak erakusten digun bezain ederki.

'Baserria 1907'-n, aldiz, partaideen egonaldi eta ikusleon interesaren arteko zubilanetan aritzen da, off-ean, pantaila osoa betetzen duen ahoskera zaindu eta xendraz beteriko horrekin. 'Reality'-etako elkarbizitza liskar txatxuen aldean, etxea girotzeko lan bikainak eskatzen duen dokumental ukitua eman dio.

Eta klasiko bat da jada, Tolosa-Euzkitze bikotea. 'Wazemank'-ek ez zion gutxi zor, ezin gehiago esan.

Izebaren hitzetan, belarritakoarekin telebistan azaltzen zen hura bezala ezagutu nuen Euzkitze. Euskara telebisiboaren aitaponteko eta hizkuntzaren normalizazioan erle da ordea, izeba. Eguberrietako maratoian aurkezle ibili zen eta euskal gabon kantuen saioan Klaudio Landarekin abesten, 'Sorginen Laratza'-n taldekide zuten Estitxu Fernandez agurtu ostean.

Zer falta duen aurkezteko ETBn Euzkitzek zaila da esatea, zer ez lezakeen aurkeztu zehaztea bezala. E(g)uzki(a)tze jartzen ez den pasabidea da ETB. Eta ikusten jarraitu nahi dugu, baina 25 urtean unibertsitateak asko lizentziatu du eta fakultatetik landa hezi den beste andana bat bada. Eta paregabea da Euzkitze, zinez, baina halabeharrez bera ikusi beharra ere.