Ilunpeko hitz haiek

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2008ko urt. 16a, 13:01

Lehengo larunbatean Labrit Iruñeko pilotalekuan Olaizola II.a-Zearra / Gonzalez-Barriola pardida 21 minutuz geldirik egon zen frontoian argindarra joan zela-eta. Euskadi Irratian Txetxu Urbieta, Iñaki Elortza eta Xabier Euzkitze azpeitiar kazetariak horretaz aritu ziren, eta Euzkitzek gogora ekarri zuen duela 22-23 urte antzekoa gertatu zela bera esatari lanetan ari zela.

Hain justu, pasadizo huraxe kontatu zuen Euzkitzek Uztarria herri aldizkariak 2006ko azaroan egin zion elkarrizketan. Hauxe da:

Bertsolari izateak lagunduko dizu aurkezle izateko, inprobisazioagatik. Pasadizorik?
"Gogorrena eta lanik zailena, irratiko une bat. Orain dela urte asko, Euskadi Irratian nenbilela, Tolosara joan nintzen, Beotibar frontoira. Maiz-eta ziren pilotan, txapelketako partidan. Halako batean, argia joan egin zen. Irratian emititzen segitzeko modua genuen eta estudioetara joko genuela esan nuen, musika pixka bat entzuteko. Baina ez dakit zer pasatu zen, musikarik ez zela sartzen eta ni, zuzenean, gauzak kontatzen. Segi hizketan, segi hizketan, neuk apuntatutako daturik ezin nuen leitu ilunpe hartan, eta aldameneko kazetariak-eta han ikusten nituen —Karmelo Otaegi tartean zen—, 'zer ari haiz, moteil?' galdezka. Zertan ariko nintzen ba?! Zuzenean irratian. Neu baino ez. Puskatera neuk: 'Oraingoan bai, musika pixka bat entzungo dugu'. Eta orduan ere huts! Non ote zegoen estudioetan teknikaria? Segi hizketan, beraz. Hiru ordu laurden egin nituen berriketan, isildu ere egin gabe, zer esanik gabe. Halako batean sartu zuen musika. Hilko nuen!".