"Ramonen gizatasuna"

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2008ko ots. 13a, 13:02

Igandeko ‘Berria’-n Aitor Etxebarria Zamoraren (Portugalete) gutun hau argitaratu zuten.

--

Ramonen gizatasuna

Pernando Barrena Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ irratsaioko tertuliakide izan dugu, atxilotu duten arte. Pasa den ostiralean, otsailak 8, bera gabeko lehenengo tertulia zen.

Eta atxiloketa horretaz eta besteez hitz egiten ari zirela, tertulia bereko kide Ramon Etxezarreta Donostiako PSEko zinegotzi ohiak zera aitortu zuen: tertuliakide izan aurretik, feeling txarrena zuela Pernandorekin; baina astero-astero berarekin mikrofonoa konpartitzen zuen neurrian, ‘feeling’ hori hobetzen hasi zela eta, azkenik, berarekin lortu zuela “enpatiarik” handiena —aitortu behar dut ez dudala zehatz gogoratzen zein termino erabili zuen, baina horren antzeko zerbait esan zuen—, nahiz eta politika mailan iritzi muturrekoak izan. Eta, horrekin batera, berari ere galdera dezente sortarazten dizkiola Barrenaren aurkakoaren moduko hainbat erabaki judizialek.

Aitortu behar dut zirrara eragin zidatela Ramon Etxezarretaren adierazpen horiek, gizatasunez beteak; gainera, jarrera hori eta antzekoak ezin egokiagoak direlakoan nago aspaldi nozitu eta bizi dugun gatazka politikoan, eta gaur egun gutxitan bezain nahasi eta mingarri nabaritzen dugun elkarbizitzan. Hau da, pentsamendu eta iritzi ezberdinak errespetatu eta aintzat hartu; eta pentsamendu eta iritzi ezberdinen gainetik nolabaiteko afektu eta estimua mantendu.