Ramon Etxezarretak zinegotzi izaten segitzen du, PSE-EEren arabera…

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2008ko urr. 3a, 13:10

PSE-EEk atzo (osteguna) Euskara askatasunez agiria aurkeztu zuen Donostian. Ekitaldiko aurkezle Ramon Etxezarreta izan zen eta, PSE-EEren beraren arabera, Donostiako zinegotzi izaten segitzen du Etxezarretak, hauxe jarri batzuen atzo webean: “(…) Ekitaldiari berari Ramón Etxezarreta Donostiako zinegotziak emango dio hasiera”. Gaur hala jo dute Berriak eta El Correo-k ere.

Iazko udal hauteskundeen ondoren utzi zion urrestildarrak Donostiako zinegotzi izateari (Euskara eta Kulturako buru zen). 1995etik izan zen PSE-EEko hautetsi, eta Donostiako Udaleko Kultura ataleko ordezkaria da joan den urtetik. 1979tik 1987ra, berriz, Azpeitian izan zen hautetsi, EEtik.

Atzokoa bezalako ekitaldi batek animatuta-eta hasi zen PSE-EEn Etxezarreta, Uztarria herri aldizkariari duela sei urte kontatu zion bezala. “Ni 1994an afiliatu nintzen, Ramon Jauregik hauteskunde autonomikoak galdu eta hurrengo egunean. (…) Pixka bat lehenago manifestu baten babesa azaldu nuen, baina artean pasatu gabe nintzen alderdira, ez nintzelako EEko konbergentziarekin pasatu. Jauregiren politika baskista ikusita afiliatu nintzen alderdi sozialistan, ni bezalako jendearen laguntzaren premia orduan zuelako alderdi honek. (…) Garai hartan alderdi sozialista euskal kultura eta euskararenganako hurbiltze txikia egiten hasi zen Jauregirekin, eta keinu haietan itxaropena jarri nuen. Orduan antolatu zuen PSE-EEk euskararen konferentzia; Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola eta hirurok izan ginen, eta halako itxaropena sortu zuen konferentziak, gero benetan behar bezalako emaitza eman ez arren".