Jose Luis Albizurik bosgarrenez parte hartuko du Ehunmilak ultratrailean, eta laugarrenez, Jone Urkizuk

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2014ko uzt. 11a, 17:48

Bi korrikalariekin egon da Berria egunkaria. Albizurik eta Urkizuk esan dute probaren antolaketa oso ona dela, eta nabarmendu dute lasterketa ondo amaitzea dela beraien helburua.

Bosgarrenez irtengo da Ehunmilak ultratrailean Jose Luis Albizuri Azpeitian bizi den azkoitiarra, eta laugarren aldiz, berriz, Jone Urkizu azpeitiarra. Hori dela eta, beraiekin hitz egin du Berria egunkariak. Albizurik esan du aurten ez dela asko entrenatu, eta, beraz, "minik hartu gabe" amaitzea izango dela bere helburua. Bestalde, Urkizuk adierazi du lasterketa "gogorra eta luzea" denez, ez dakiela nola ibiliko den, baina nahikoa duela "txukun antzean" helmugaratzearekin. Honakoa jaso du, zehazki, egunkariak:

Jose Luis Albizuri (Azkoitia, 1963): "Bosgarrenez aterako naiz Ehunmilietan. Aspaldi hasi nintzen mendian korrika, eta orduan mendi lasterketak egitera kanpora joaten nintzen beti. Ehunmiliak sortu zenean, aukera aparta izan zen etxean aritzeko. Antolakuntza ere urtetik urtera hobetuz doa. Aurten ez naiz asko entrenatu, baina helburua ondo bukatzea da, minik hartu gabe. Hasiera asko gustatzen zait, eta Azpeititik pasatzea ere oso berezia da. Amaiera ere, zer esanik ez; helmugan munduko onena zarela pentsatzen duzu".

Jone Urkizu (Azpeitia, 1979): "Laugarrenez aterako naiz Ehunmilietan. Asko maite dut, oso berezia da niretzat. Oso oroitzapen onak ditut, beti gozatu dudalako asko. Etxe ondotik pasatzen da, ondo ezagutzen ditudan paraje ederretatik. Jende mordoa egoten da animatzen ibilbide osoan, eta antolakuntza ere bikaina da. Lasterketa gogor eta luzea da, eta ez dago jakiterik nola ibiliko naizen, baina txukun antzean helmugaratuta konformatzen naiz. Indarrak neurtzea da gakoa, unean uneko sentipenei kasu egitea".