Gorka Karapetok eta beste mendiko kirolari batzuek aurkeztu dute Mendira egitasmoa

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2014ko uzt. 15a, 18:58

Euskal Herriko mendiko kirolariek Mendira egitasmoa sortu dute, presoen eta iheslarien eskubide urraketekin amaitzeko asmoarekin. Gaur aurkeztu dute ekimena, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian. Talde horretako kide da Gorka Karapeto eskalatzaile azpeitiarra. Honela azaldu dute taldeko ordezkariek beraien xedea: "Konponbidearen bidean, sakabanaketa amaitzea da lehenengo aldapa, eta denak etxeratzea gailurra".

Mendirako kideek parte hartzeko eskatu diete beraien ideiekin bat egiten duten mendiko kirolariei eta lagun-taldeei, argazkiak, bideoak edo artikuluak partekatuta. Horretarako, galdegin die Mendira egitasmoaren logoa jartzea beraiek sortutako lanetan. Materiala honako helbide eta euskarrietara bidaltzeko edo igotzeko aukera eman dute: mendiraekimena@gmail.com helbidera, Mendirako Facebookera edo Youtubera. Facebookera igoz gero, taldea etiketatzea eskatu dute; bideoren bat Youtuben jarriz gero, berriz, esteka helbide elektronikora bidaltzea.

Bestalde, jakinarazi dute urriaren 11rako ekitaldia antolatzen ari direla. Ez dute zehaztu nolakoa izango den ekintza, baina jakinarazi dute parte-hartzea "beharrezkoa" izango dela.