Nagore Aranburu eta Xabier Euzkitze, boikota jasan duten aktoreak babestu dituztenen artean

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2017ko mai. 15a, 12:43

Bi azpeitiarrek bat egin dute Euskal Aktoreen Batasunak joan den astean zabaldutako oharrarekin. EABk "haserrea eta kezka" agertu zituen, "beren eremu pribatuan adierazpen edo ekimen konkreturen bat egin duten interpreteen" parte-hartzea duten hainbat ekoizpenen aurka sare sozialetan sustatutako boikot kanpainen aurrean.

500 bat aktore, zinemagile, ekoizle, casting zuzendari, bertsolari, komediagile, idazle, musikari, kazetari, aurkezle, eta dantzarik egin dute bat Euskal Aktoreen Batasunak duela egun batzuk zabaldutako oharrarekin. Horien artean daude Nagore Aranburu eta  Xabier Euzkitze azpeitiarrak, Uxue Alberdi, Anjel Alkain, Unax Ugalde, Kandido Uranga, Mikel Urdangarin eta Aitziber Garmendia, besteak beste.

Aktoreen sindikatuaren salaketaren atzean dago, besteak beste, Atresmediak estreinatu zuen La casa de papel telesailaren aurka sare sozialetako erabiltzaile batzuek egindako kanpaina. Itziar Ituño da aktore protagonistetako bat, eta zenbait sektore eta hedabide espainiarzaleetatik saio hori bikoteatzeko deia egin dute, aktorea publikoki agertu izan delako euskal presoen eskubideak bermatzearen alde.