Eneko Etxeberria: "Harridura eragiten du bozkatzeko alternatibak ez direla proposatu ikusteak"

Eneko Etxeberria abokatu eta EHUko irakasleak Hamaika Telebistan hitz egin du, Eusko Legebiltzarrerako bozetan koronabirusarekin kutsatutako hainbat herritarri ezarritako boza emateko debekuaren harira.

Koronabirusaren izurriaren erdian pasatu dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta COVID-19arekin kutsatutako hainbat lagunek –200 bat dira– ezin izan zuten boza eman.

Hautsak harrotu ditu boto eskubidea mugatu izanak, eta gaiak zeresana ematen jarraitzen du. Eneko Etxeberria abokatu eta EHUko irakasleak Hamaika Telebistan hitz egin du gaiaz. Hark dioenez, "oinarririk gabeko txapuza juridikoa" egin du Eusko Jaurlaritzak. "Botoa ematea debekatzeaz gain, delitua egin dezaketela esanda mehatxatu egin dituzte herritarrak".

Etxeberriak azaldu duenez, epaileak soilik debeka diezaioke herritar bati botoa ematea, sententzia irmo bat tartean baldin bada. Gainera, haren arabera, "harridura" eragiten du Jaurlaritzak bozkatzeko alternatibarik ez duela proposatu ikusteak.