Suitzako bitartekari bat... euskal abertzaleentzat

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria 2024ko api. 26a, 12:17
(Argazkia: Pixabay)

Eneko Etxeberria EHUko Zuzenbide irakasleak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Harridura sortu bazuen ere, eta ez da gutxiago, Espainiako arduradunak eta katalanak Suitzan ari dira nazioarteko bitartekaritza bidez Espainiako Estatuak Kataluniarekin duen gatazka politikoa zuzendu nahian. Bilerak egiteak berak, akordio konkretu gabe suertatzen badira ere, sortzen dituen ondorioak sakonak dira. Kontuan izan behar dugu Katalunian egoera politikoa areriotasun handiko dela, alderdi abertzaleen artean lehia handia izateaz gain, alderdi sozialistak irabazi zituen erkidegoko hauteskundeak Katalunian. Baina, hori ez da inolako oztopoa izan ekimen politikoa abian jartzeko. Alderantziz, beste behin ere, politikan arriskuak hartzen direnean emaitzak egoten direla demostratzen du.

Gurean esperientzia handia dugu bitartekaritza eta negoziazio mahaien inguruan. Baina, gaur egun, ez du itxurarik euskal arduradunek Espainiako Estatuarekin horrelako ekimenik abian jartzeko gaitasunik dutenik. Gure lurretan ere lehia politikoa sakona da eta bi indar abertzaleek, nahiz eta inoizko ordezkaritza handiena lortu, ez dute elkarrekin ezer adosteko itxurarik.

Etorkizunean, bi indar abertzaleen lehia sakonagoa izango denaren itxura daukagu hurrengo urteetan, eta gizarteko jendearen babesa bilatzeko, oraindik ere nabarmenago egingo direla ezberdintasunak: bi proiektu antagoniko bezala planteatuz, bataren edo bestearen polarizazioa. Abertzaleen arteko blokeak akordio gabeko basamortuan badabiltza ere, azpiko mugimendu batzuk antzematea lortu dugu azken urteetan (Hezkuntza Legea (?), euskara (?), Nafarroa (?)...), baina orokorrean, ez du etxeko orubeari eutsiko dionaren zimendu itxurarik.

Kuriosoa da, bien artean, giltza moduan, alderdi sozialista kokatu da; eta itxura guztiz, datozen urteetan hala izango da. Erosoa izan daiteke, gustura geratzea dauka bakoitzak bere frontean eta lubakian. Baina ezinezkoa, etorkizuna zalantzan duen estatu gabeko eta zatitutako nazio oso txiki batentzat. Gurean ezinezkoa da logika honekin segitzea. Blokeen politikak proiektu abertzaleetara inoiz baino aldeko jende gehiago gehituko du, baina bi bloke izanik, zatituta, erromatarrek mundua konkistatzeko eskema zaharra gailentzen da: "Divide et impera".

Lehia politikoa egon dadila, proiektuak eta egitasmoak guztiz aurkaratuak badira bozkatuak izan daitezela; baina nazio txiki honetan sinisten dugun guztiok gutxieneko adostasun batzuk bilatu behar ditugu. Bestela, jai daukagu; orain arteko guztia alferrik izateko arriskuaz gain, abaguneak galduko dira.

Hortaz, adostu daitezela gutxieneko ardatz batzuk, etxeko orubea hurrengo 25 urteetan eusteko modukoak: Nafarroa, Iparraldea, euskara, hezkuntza, ongizatea, erronkak, salto txikiak eta sakonagoak.

Bitartekari ospetsuenak Suitzan daude, baina nahiago badute, sagardotegian, sasoia bukatua badago ere. Asko izango dira esku bat botatzeko prest, itsasoko urak handiak baitira, murgildu nahi dutenentzat. Gainera, ez dago akordioa agirian jarri beharrik, Suitzan badaude dokumentuak ongi gordetzeko kutxa gotorrak. Sekretupean bada ere, adostu dezatela bakoitzak zer eta nola egingo duen atal bakoitzean, egutegi bat, jarraipena... nahiz eta elkarrekin lehia politiko bizian ibili. Hala ere, jendeak nabarituko du eta ilusioa hedatuko da, pixkanaka.

Izan ere, prestatuta eta lanean bagaude, olatu historikoek aukerak sortzen dituzte, eta orain beste abagune bat dago (Pedro Sanchezen gorabeherek ez badute ixten). Munduak behar du Euskal Herria, guk geuk uste duguna baino gehiago.