Luis Enrique Soriano omendu eta esplotaziorik gabeko herria aldarrikatuko du Elkar-ekinek uztailaren 29an

Luis Enrique Sorianoren kasua salatzeko egindako elkarretaratzeko irudia.

Ekitaldiaren bidez, gazte dominikarrari azken agurra eskaini eta bi urteotan egindako egitasmoei amaiera emango die taldeak. Musika eta hitza nagusituko diren oroimen ekitaldia 18:00etan izango da, Soreasuko plazan.

Luis Enrique Sorianoren auzia ekainaren 14an itxi zen auzitegietan, enpresak eta familiak erdietsi zuten akordio baten bidez. Akordio horretan, enpresak gazteari eragindako mina eta kalteak onartu zituen, eta ondorioz, kalte ordainak ordaindu behar izan dizkio familiari.

Behin auzia epaitegietan itxita, kasu zehatz horren harira bi urteotan herrian egindako egitasmoei ere amaiera ematea erabaki du Elkar-ekinek. Taldeak, baina, azken oroimen ekitaldia antolatu du uztailaren 29rako.

Egun horretan, ekitaldia 18:00etan hasita egingo dute Soreasu auzoko plazan. Musika doinuak eta errezitaldiak biduko dituen oroimen ekitaldi txiki bat prestatzen ari da Elkar-ekin, non pertsona migratzaileek ere hitza hartuko duten. Gaztea oroitzeaz gain, esplotazioaren inguruko gogoeta zabaltzea izango da ekitaldiaren helburua. Datozen egunetan emango ditu taldeak ekitaldiaren inguruko xehetasunak.

Elkar-ekinek gaizkien dauden horiekiko elkartasuna antolatzen jarraitzeko asmoa adierazi du, aurrerantzean ere.