Abestien, errezitaldien eta plaka baten bidez oroituko dute Luis Enrique Soriano larunbatean

Hainbat lagun ekitaldiaren aurkezpenean.

Auzia epaitegietan itxita dela, gaztearen oroimen ekitaldia antolatu du Elkar-ekinek. 18:00etan izango da ekitaldia, Soreasu auzoko Elkargunearen ondoko plazan.

Luis Enrique Sorianoren kasua dela eta, azken oroimen ekitaldia antolatu du Elkar-ekinek datorren larunbaterako. Behin auzia epaitegietan itxita, herrian ere itxiera emateko garaia iritsi dela uste du taldeak, eta larunbaterako jarri dute hitzordua. 18:00etan izango da ekitaldia, Soreasu auzoko Elkargunearen ondoko plazan –euria egingo balu, Dinamoko beheko solairuan izango da–.

Musika eta hitza izango dira ekitaldiaren oinarri nagusiak: Jurgi Ekizak eta Horacio Bernalesek bina abesti kantatuko dituzte; Judith Obandok eta Amets Arzallusek egunerako propio prestaturiko testuak errezitatuko dituzte; eta Silvia del Castillo Luis Enriqueren amak eta ESK sindikatuko kideek ere hartuko dute hitza. Horrez gain, ekitaldia hasi baino lehen plaka bat jarriko du Elkar-ekinek dominikarraren oroimenez, bere kasuak herriaren memorian ere leku bat izan dezan.

Luis Enrique Soriano omentzeaz gain, esplotazioaren aurkako mezua zabaldu nahi du Elkar-ekinek ekitaldiaren bidez. Egungo gizarte moduaren inguruko gogoetak, galderak eta kritikak jasoko ditu ekitaldiak. Gaiarekiko interesa duten eta gazte dominikarrari azken agurra ematea nahiko lioketen herritar guztiak gonbidatu nahi ditu taldeak ekitaldira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide