Bihar irekiko dituzte ateak berriz Elkarguneak eta Bigarren Eskuko Arropa Dendak

Laster beteko dira zortzi urte Elkar-ekinek proiektua martxan jarri zuenetik. Boluntario gisara ekarpena egin nahi dutenek horretarako aukera izango dute irailetik aurrera.

Asteburu honetan irekiko dituzte ateak bai Elkarguneak eta bai Bigarren Eskuko Arropa Dendak. Honakoak izango dira aurrerantzean izango dituzten ordutegiak:

- Elkargunea irekita egongo da ostiraletan 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:30etara.

- Arropa denda irekita egongo da astearteetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30etara, asteazken eta ostegunetan 17:00etatik 19:30etara, ostiraletan 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:30etara.

Etxeetan oinarrizkoak diren materialak ahalik eta egoera txukunenean eta merke eskaintzea da Elkar-ekinen helburuetako bat, eta Elkargunea ezinbesteko espazioa da helburu horri erantzuteko. Erabilgarri dauden baina erabiltzen ez diren materialak biltzen jarraitu nahi dugu, modu merkean eskaini eta egon daitezkeen beharrei erantzun ahal izateko. Bereziki, etxeetan beharrezkoenak diren materialak jasotzen jarraitu nahi dugu: orotariko sukaldeko tresnak, altzari txikiak, oheak, koltxoiak, somierrak, izara eta mantak, bizikletak, jolasak, arropa eta abar. Erabiltzaileen kopuruak gora egin du azken urteetan, eta ikasturte honetan era ahalik eta zerbitzu txukunena eskaintzen saiatuko da taldea. Horretaz gain, arropa behar duten pertsonei dohainik banatuko zaie urtean bi aldiz.

Proiektuan parte hartzeko aukerak honakoak dira, besteak beste:

  • Astelehenetan, 10:00etan, arroparen antolaketa eta Elkargunearen txukunketa lanak egiten ditu herritar talde batek.
  • Astearteetan, 17:00etan, biltegiko lanak eta Elkargunearen hornitzea. Ondoren, 18:30ean, taldearen asteko bilera egiten, eta bertan erabakitzen ditugu Elkarguneari dagozkionak eta kalera begira egingo ditugun ekintzak. Bilera horietara etortzeko ateak ere zabal-zabalik daude.
  • Ostiral eta larunbatetan irekitzen dugu Elkargunea, eta txanda bidez funtzionatzen dugu. Momentuz, 20 talde inguru gaude, bakoitza hiru pertsonakoak, eta talde bakoitzak urtean lau txanda egiten ditu.
  • Furgonetarekin etxeetatik materiala ekartzen aritzen gara astean zehar, baita asteburuan Elkargunean saldutako altzariak etxeetara eramaten ere (lan horiek ez dira finkoak eta astearen arabera aldatzen dira).
  • Urtean bitan, beharrik handiena duten herritarrei doan banatzen diegu arropa. Aste horietan lan pilaketa handia izaten dugu.
  • Urtean bitan, Errigorako kanpaina eta produktuen banaketa egiten dugu herrian. Eskaerak asko hazi dira urtez urte, eta banaketa antolatzeak lana eskatzen du.

Guztietan behar dugu jendea, eta animatzen dena ongi etorria izango da gure artera. Malgutasuna eskaini nahi dugu lana egiteko orduan, bai egutegiaren aldetik, bai ordutegiaren aldetik ere. Askotariko konpromisoak daude Elkar-ekinen barruan, baina boluntario guzti-guztien lana da beharrezkoa.

Norbaitek goian aipaturiko lan horietakoren batean lagundu nahiko balu, kanal hauetakoren bat erabilita jar daiteke gurekin harremanetan.

  • Korreoa: elkar_ekin@hotmail.com.
  • Telefonoa: 644 96 16 06.
  • Aurrez aurre: Elkargunean, ohiko ordutegian, edo Elkar-ekineko kideren batekin, zuzenean.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide