Martxan da Errigoraren udazkeneko kanpaina

Urriaren 20tik azaroaren 9ra bitartean eskatu ahalko dira saskiak. Egitasmoak hamar urte bete ditu aurtengoan, eta euskarari emandako laguntza ekonomikoa handia izan da urte hauetan guztietan.

Errigoraren udazkeneko kanpaina martxan da. Urtero moduan, Azpeitian ere saskiak eskatzeko eta jasotzeko aukera izango dute herritarrek. Aurtengoa aldaketa txiki batekin dator, saski mota bakarra eskainiko da herritar guztietantzat, eta 50 euro balioko ditu. Informazio zehatza eta eskaera egiteko aukera www.errigora.eus webgunean izango da. Urriaren 20tik azaroaren 9ra bitartean eskatu ahalko dira Nafarroako produktuekin osatutako saskiak abenduaren hasieran iritsiko dira horiek Azpeitira, eta Elikagunean eta Ikasberrin jasotzeko aukera izango dute herritarrek.

Nafarroa hegoalde eta erdialdeko  produktuak euskal herritarrentzat eskuragai uzten ditu Errigorak, eta tokiko ekoizpena bultzatzeaz gain, euskalgintzari ere laguntza handia eman zaio urte hauetan zehar: 1.800.000 euro, hain zuzen ere.