A30 greba feminista orokorra

Elkar-ekinek bat egin du azaroaren 30ean egingo den zaintza eskubidearen aldeko greba orokorrarekin

Elkar-ekinen Elkarguneko boluntarioak, azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin bat egiteko ateratako argazkian. (Elkar-ekin)

Bigarren eskuko arropa denda itxita egongo da greba egunean.

Elkar-ekinen oharra:

Azaroaren 30erako mugimendu feminista, sindikatuek eta hainbat eragilek deitu duten greba orokorrarekin bat egiten dugu Elkar-ekinetik, eta egunean zehar egongo diren mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egin nahi diegu herritarrei. Guri dagokigunez, Bigarren Eskuko Arropa Denda itxita egongo da egun horretan.

Euskal Herrian, egun, zaintzarako zerbitzuak erabat pribatizatuak daude. Azken urteetan, erakundeetatik sistematikoki pribatizatu dira ahal izan diren zaintza-zerbitzu guztiak, enpresa lagunen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askotako etekinak ateratzeko, zaintza hori jasotzen dutenen ongizatearen eta langileen lan-baldintzen kontura. Zaintza sistemak publikoa izan behar duela aldarrikatu nahi dugu, horrek bermatu dezakeelako langileen lan-baldintzak onak izatea eta guztiok edukitzea eskubidea zaintza lanak jasotzeko. 

Elkar-ekinetik arreta berezia jarri nahi dugu zaintza lanak egiten ari diren emakume migratzaileengan. Urte honetako apirilean publiko egin genuen testigantza lan honetan ikus daiteke zein den horietako askoren egoera. Horietako askok ez dute greba egiteko eskubiderik izango, eta azaroaren 30ean ere ordu luzez aritu dira zaintza edo garbiketa lanetan. Pertsona horiek sufritzen duten esplotazio egoerak gizarte bezala interpelatzen gaituela uste dugu.

Zaintzaren eremuan ematen den prekarizazio orokorraren ardura nagusia erakundeena eta zaintza langileak esplotatzen dituzten enpresena da, zaintza negoziorako eremu gisara antolatu dutelako. Hala ere, pertsona horiek zuzenean kontratatzen dituzten familiek ere ardurak izan badituztela pentsatzen dugu: kasu askotan, eskulan merkeaz eta horien babesgabetasun egoeraz baliatzen dira, berez baldintza hobeak eskaintzeko aukera izan badutenean. Herrian bertan ditugu horren adibideak.