Israeli boikota egitera deitu ditu Elkar-ekinek eskualdeko herritarrak, enpresak eta erakundeak

Hemen egiten dugunak munduan inplikazioak dituela ohartarazi du taldeak, eta arduraz jokatzeko deia egin du. Bat egin du Palestinaren aldeko mobilizazioekin. Elkar-ekinek aipatu du eskualdean badaudela Israelekin lankidetzan ari diren enpresak: batzuk hemengoak, beste batzuk azpiegiturak edo bulegoak bertan dituztenak.

Hamar minuturo haur bat eta aste gutxian milaka palestinar erail ditu Israelek Palestinan. Gazaren aurkako bonbardaketak etengabeak izan dira, argindarra eta komunikazio bideak moztu dizkiete, ez dago laguntza humanitarioa sartzeko aukerarik, ez dago handik ateratzeko korridore segururik, babes eremuak erasotu dituzte, gosea hedatzen ari da, kasik ospitalik gabe daude. Egoera muturrekoa da.

Hara begira gaude azkenaldian, baina hona begira ere egon beharko genuke: hemen egiten dugunak ere inplikazio zuzenak dituelako munduan gertatzen den horretan.

Boikoterako deia Palestinatik

2005ean Palestinako 170 eragilek bat egin zuten Israelen aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigor kanpaina abiarazteko. Sindikatuak, emakume taldeak, errefuxiatu sareak eta erakunde ezberdinak zeuden horien artean. Modu horretan, nazioartetik Israeli presioa egiteko tresna bat proposatu zitzaigun Palestinatik bertatik. Geroztik munduan zeharreko norbanako, kultur talde, kirol talde, enpresa, eta erakunde askok egin dute bat nazioarteko kanpaina honekin.

Zer egin dezake gutako bakoitzak?

Israelen interes handiak dituzten enpresen produktuak ez erostetik hasi gaitezke. Kanpainaren bultzatzaileak ondorengo hiru marka hauetan egin dute azpimarra nagusia: Puma (Israelgo futbol elkartea patronizatzen du eta lurralde okupatuetan dauden kolonietako taldeak laguntzen ditu); Carrefour (Gazaren genozidioan parte hartu duten soldaduei opariak egin dizkie, eta interes handiak ditu Israelen), Hewllett Packard (ezinbestekoa duen material informatikoa saltzen dio Israeli). Bestetik 729 barra kodea daramaten produktuak ere Israelen erregistratuak dauden enpresenak dira.

Eta hemengo enpresek?

Israelek %52 handitu ditu Euskal Autonomia Erkidegora eginiko erosketak amaitzear den urtean. Azkenaldian asko aipatu diren bi kasu dira honakoak: CAFena (Jerusalem eta legez kanpoko asentamentuak batuko dituen trena egingo du), eta Senerrena (hegazkin erasotzaileen sentsoreak diseinatu ditu, horrekin Israelen bonbardaketen helburuak zehaztea erraztuz).

Hemengo enpresek egiten dutenaz hitz egitea deserosoa zaigu, baina ez du balio Gazara hunkituta begiratzeak hemen egiten denaren aurrean begiak itxiko baditugu. Genozidioa gelditzeko presioa egin nahi badugu, hemengo enpresei ere ardurak eskatu behar zaizkie: bereziki armagintza sektorean inplikatuak daudenei, baina baita beste guztiei ere. 

Izan ere, eskualdean ditugu Israelekin lankidetzan ari diren enpresak: batzuk hemengoak, beste batzuk azpiegiturak edo bulegoak bertan dituztenak. Ardura maila ezberdinak izanik, denek lagun dezakete Israelekiko presioa areagotzen. Gehiago egongo diren arren, hauek dira guk aurkitu ditugunak:

Juaristi Boring Milling Machines: Azkoitiko enpresa honek funtzio ezberdinetarako makinariak egiten ditu, tartean armagintzarako. Defentsa sektoreari dagozkion zerbitzuak eskaintzen dituzte. Tanke baten irudia ikusi daiteke beraien webgunean, honako azalpenak ondoan dituela: "Defentsarako industriaren osagaien mekanizazioan emaitza bikainak". Munduan zehar dituzten delegazioen berri ematen dute webgunean bertan, eta Israelgo merkatua NCM konpainiaren bidez kubritzen dutela ikus dezakegu. Konpainia horren webgunera sartzen bagara, armagintzari loturiko eskaintzak dituztela irakur dezakegu.

Emena S.L: Azkoitiko enpresa honek makina herramientako piezak egiten ditu. Espainiako komertzio ganbararen arabera, Israelera esportazioak egiten ditu.

Credeblug S.L: Azpeitiko enpresa honek zehaztasun handiko pulpoak, kutxarak, pintzak eta makinak egiten ditu. Espainiako komertzio ganbararen arabera, Israelera esportazioak egiten ditu.

Erlo group: Azkoitiko enpresa honek makinaria bereziak eta prentsa hidaulikoak egiten ditu, besteak beste. Nazioartekotzeko euskal agentziaren arabera, Israelera esportazioak egiten ditu. 

Elmubas Peetfoodgroup: Azpeitiko enpresa honek animalientzat elikagaiak ekoizten ditu, ondoren munduko hamaika tokitara esportatzeko, tartean Israelera. Horrela jasotzen da hainbat komunikabidek enpresa honi buruz argitaratu dituzten erreportaietan.

Tecnalia: Azpeitian azpiegiturak dituen enpresa honek, energiaren inguruko proiektuak egin ditu Israelen, beste enpresa batzuekin elkarlanean. Beraien webgunean dakarte informazioa.

Santander bankua: Azpeitian bulegoak dituen banku honek Palestinan legez kanpoko asentamenduak eraikitzeko diru inbertsioak egin ditu. Arrazoi horregatik salatua izan da behin baino gehiagotan.

BBVA: Azpeitian bulegoak dituen banketxe handi hau armagintzaren finantziazioan eta komertzializazioan aritzen da, eta harreman estuak ditu Israelekin. Askotan salatu da banketxe honek armen eta gerren negozioan duen ardura.

Eremu guztietara

Boikota eremu guztietara zabaltzeko deia egina dago, eta eskualdetik bertatik Palestinatik egin duten eskaera horri gure ekarpena egin diezaiokegu: kulturatik (Israelgo taldeen emanaldirik ez antolatuz); kiroletik (Israelgo taldeen aurka jokatzeari uko eginez); udal eta erakundeetatik (Israelekin zerikusia izan dezaken edozein harremani uko eginez), e.a.

Izan ere, hau ez da Israelgo agintarien erantzunkizun soila. Palestinaren aurkako genozidioak babes zabala du israeldarren artean: babes ekonomikoa, babes politikoa, babes akademikoa, babes juridikoa, eta babes soziala. Salbuspenak egon badaude, baina sionismoak Israelen dituen erroak sendoak dira. Horren erakusle da, adibidez, Israelgo ehun medikuk Gazako ospitaleak bonbardatzeko eskaera publikoa egin izana orain egun batzuk.  

Hego Afrika, aurrekari gisara.

Apartheidaren garaian mundu osoan egin zen boikotak eragin handia izan zuen beltzen aurkako diskriminazioarekin amaitzeko borrokan. Ekonomia, politika, kultura eta kirol mailan harturiko konpromisoek indar handia hartu zuten. Nazioarteko presioa areagotzea lortu zen, eta ondorioz aldaketa politikoak iritsi ziren Hego Afrikara. Antzeko erronka dugu esku artean.

Elkartasuna palestinar herriari

Une zail hauetan elkartasun osoa erakutsi nahi diogu palestinar herriari, eta bat egin nahi dugu bere alde egiten ari diren mobilizazioekin. Genozidio anker baten lekuko izaten ari gara egunotan, eta ez dugu horrelako mundurik nahi. 

Joka dezagun arduraz, eta hartu ditzagun konpromisoak.

Elkar-ekin

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide