Munduko Jolasak Azpeitian egitasmoa antolatu du Elkar-ekinek otsailaren 24rako

Komunitate ezberdinetako Azpeitiko biztanleak elkarrekin harremantzea da helburua, jolasa aitzakia hartuta. Hainbat herrialdetako pertsonek beraien herrialdeetan jolasten diren mahai jolasak martxan jarriko dituzte Azoka Plazan: xakea, dominoa, ludo, warri, bingoa, karta jokoak...

Jakina da munduko leku ezberdinetatik hona migratu duten pertsonak ditugula gure herrian. Azpeitian, gutxi gorabehera, 40 nazionalitate ezberdinetako pertsonak bizi dira. Sarri, norberak bere komunitatean bizitzeko joera izaten du. Nola ez, kanpotik etorri denak hizkuntza, kultura, portaera, erlijio eta beste hainbat arloren inguruan kultur talka bat sentitu dezake; eta horrez gain, paperak lortzeko, lanerako, etxebizitzarako eta elikadurarako ere trabak izan ditzake. Horrek norbanakoa bultzatzen du bere komunitaterantz: komunitatean beroa eta goxotasuna daude; kanpoan, berriz, hotza eta zaurgarritasuna.

Baina ez dira migratzaileak soilik beren komunitatean hertsitzen direnak; ikusten dugu guk ere baditugula trabak eta zailtasunak gure komunitatetik irten eta besteengana irekitzeko. Eta integrazioaz hitz egiten dugunean, agian, pentsatzen ari gara kanpotik datorrenak egin behar duela esfortzua; baina bertan bizi denak ere egokitu behar du elkarbizitza berri horretara. Beraz, integrazioa biren kontua litzateke.

Pentsaera horietatik abiaturik eta guzti honen iraultzan pausoak eman nahirik antolatu dugu Munduko Jolasak Azpeitian ekimena. Jolasa hizkuntza unibertsala dela eta garrantzizko elementu gizarteratzailea dela kontuan harturik, hari erakargarria iruditu zaigu elkarrekin harremantzeko eta sareak josten joateko. Kultur aniztasun handia dago Azpeitian, eta jolasa ezagutzen diren kultura guztiei dagokien kontua da.

Munduko hainbat jolas ezagutzeko eta jolasteko aukera; errespetuz, berdintasunean eta elkartasunez elkarrengana hurbiltzeko tartea; komunitate ezberdinetako Azpeitiko biztanleok elkarrekin harremanetan jartzeko parada izango dugu datorren otsailaren 24an,larunbata, 15:30etik 19:00etara, Azpeitiko Azoka Plazan. Hainbat herrialdetako pertsonek beraien herrialdeetan jolasten diren mahai jolasak martxan jarriko dituzte, eta bertaratzen direnek aukera izango dute parte hartzeko. Hala nola, xakea, dominoa, ludo, warri, bingoa eta karta jokoak izango ditugu, beste hainbaten artean.

Animatu parte hartzera, lagunartean edo familian; kultur elkartruke polita gauzatuko dugu denon artean, txokolate beroz lagunduta!