Palestinari elkartasuna adierazi eta Israelen aurka boikota eskatuko du Elkar-ekinek martxoaren 15ean

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2024ko mar. 6a, 16:59
(Argazkia: Pixabay)

Bi elkarretaratze deitu ditu Sanjuandegiko biribilgunean, 12:30ean eta 18:30ean, eta horietan parte hartzeko deia egin die taldeak herritarrei.

Palestinarrek bizi duten egoera muturrekoa dela esaten ari gara azken asteetan, baina egunez egun, are handiagoa da Israel erabiltzen ari den basakeria. Esaterako, goseak jota janari zain zeuden 104 pertsona hil zituzten pasa den astean sionistek. Izan ere, aspaldi iritsi zen gosea Gazara, eta laguntza humanitarioak ateak itxita izaten jarraitzen du.

Telebistan zein sare sozialetan zuzenean ikusten eta bizitzen ari garen genozidioa da Israel Palestinan egiten ari dena. Beldurgarria da Europako klase politikoa erakusten ari den konplizitatea, eta herritarrok ere, ohitzen ari gara begien aurrean dugun horretara. Gutxi da egiten ari garena.

Inoiz baino gehiago, palestinarrei elkartasuna erakusteaz gain, Israelen aurkako boikota bultzatzea dagokigula uste dugu. Eskualdean bertan ditugu Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresak: armagintza sektorean aritzen den eta Israelekin harreman komertzialak dituen Juaristi Boring Milling Machines da nabarmenena. Horrez gain, Emena, Cedreblug, Erlo Group, Elmubas eta Tecnalia aipatu nahiko genituzke, modu batera edo bestera denek dituztelako harreman ekonomikoak Israelekin.

Mobilizatzen eta presioa egiten jarraitu behar dugulako, martxoaren 15erako bi kontzentrazio deitu ditu Elkar-ekinek: 12:30etik 13:00etara eta 18:30etik 19:00etara Sanjuandegiko biribilgunean batzeko deia egin nahi diegu herritarrei.

Mobilizazioen leloa honakoa izango da: Genozidioa gelditu, Israeli boikota.