Palestinako genozidioa salatzeko elkarretaratzea deitu du Elkar-ekinek ostiral honetarako

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2024ko api. 17a, 10:48

18:30ean Sanjuandegiko biribilgunean egingo dute protesta. Palestinari elkartasuna erakutsi eta Israelen aurkako boikota bultzatzeko deia egin du taldeak.

Sei hilabete dira Israelek Palestinaren aurkako erasoaldi berri bati ekin zionetik, eta, geroztik, egunero iritsi zaizkigu genozidio berri horren irudiak eta datuak: milaka hildako eragin eta Gaza goitik behera suntsitzea nahikoa ez, eta laguntza humanitarioari bide guztiak itxi dizkio estatu sionistak, bertako palestinarren artean gosea sortzeraino. Bitartean, Europako agintariek Israelen interesei men egiten jarraitzen dute, genozidioarekin amaitzeko inolako konpromisorik hartu gabe. Mundu zabalean mobilizazio eta protesta jendetsuak egin diren arren, egindakoa ez da nahikoa izan, Israelek bere horretan jarraitzen du, eta agintari politikoek ere bai.

Israelekiko presioa areagotu behar dela uste dugu, eta horretarako boikota sustatzea bitartekoa inportantea izan daiteke. Hego Afrikan beltzen aurkako apartheidarekin amaitzeko ezinbestekoa izan zen boikota, eta kasu honetan ere bide horretan pausoak ematea aldarrikatzen dugu.

Ezin gara ohitu egoera honetara, eta herritarrak kalera ateratzea egin dezakegun gutxienekoa dela pentsatzen dugu. Horregatik, ostiral honetan egingo dugu protestara hurbiltzeko gonbidapena egin nahi diegu herritarrei.