Gu ta gutarrak

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2007ko mar. 6a, 13:03

Erniarraitzen Bertso Aste 2007ren azken ekitaldiaren atarian gaude.

Lehen bi ekitaldiak, nola Azkoitiko Martitteko Bertso Afaria, hala Errezilgo Borondegiko “Bertso Txapelketa Azkarra” oso arrakastatsuak gertatu dira. Bietan ere jendez gainezka eta pozik atera zen jendea, bai bertsolariak eta bai entzuleak. Errezilen gainera sorpresa ederra  Eneritz Arzallus eta Eneritz Artetxe, bi neskak, eman zuten, lehenbizikoa garaile, bat behar-eta, baina saio eder askoak egin zituzten biek eta beste askok ere, hauekin batera aritu ziren Azpillaga anaiek esate baterako.  

Atarian dugun hirugarren ekintza Korrikaren Kultur Egitarauaren barruan txertaturik “Gu ta gutarrak” ditugu ostiral honetan, Azpeitiko Gaztetxean gaueko 22:30etatik aurrera. Espero dugu Azpeitiko Gaztetxea leporaino betetzea eta iluntze eder bat igarotzea. Orain arte egin duten ibilbidean dotore doa ikuskizun hau eta ez dugu Azpeitian gutxiago izaterik espero, guk jar dezagun gure aldetik ahal duguna, gero haiek emango dute beren onena-eta.

Hiru euroren truke ikuskizun merke eta bikaina, beraz, ostiral gau honetan Azpeitiko Gaztetxean. Biltzen den dirua Korrikarentzat.

Informazio gehiago helbide honetan: http://www.gutagutarrak.eu/