Eneritz Artetxe bi aldiz txapeldun Aizpurutxon

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2012ko mar. 6a, 10:00
Ostiralean Aizpurutxoko Itziar jatetxean jokatu zen bertsolari gazteen Aizpurutxo sariketa. Aurten bigarren aldia izan da Urretxuko bertso-eskolak \"Martxoan bertsoa\" ekimenaren barruan sariketa hau antolatzen duena. Iluntzeko bederatziak aldera hasi zen afaria, eta afal ondoren giro paregabea sortu zen bertsolari, trikitilari eta entzuleen artean. Bertsotan Jokin Sudupe, Eneritz Artetxe, Amaia Iturriotz, Beñat Torres, Manex Mantxola eta Mikel Iturriotz aritu ziren bi epaileri lana emanez. Gai-jartzaile lanetan Maialen Akizu izan zen, Lehen Sariketaren irabazlea, eta trikitia eta panderoarekin berriz Xabier Etxaniz eta Iñigo Galdos jardun ziren. \ \ Bertsolariek egin beharreko lanak zortziko handian ofizioka hiruna bertso, zortziko txikian beste hiru, bi puntu erantzun, hirunaka trikitiaren laguntzaz hiruna kopla eta kartzelako lanean gai bati bi bertso izan ziren. Saio bizia izan zen eta batez ere kopletako ariketan izugarrizko giroa sortu zen. \ \ Bi sari izan ziren. Batetik entzulearen saria eta bestetik txapela, biak Eneritz Artetxe azkoitiarrak eskuratu zituen. Behin sariak banatuta jatetxea bero-bero jarri zen trikiti eta kopla doinuz, izan ere bertsolariak eta bertsolariak ez zirenak animatu baitziren abestera. \ \ Badoa beraz, pixkanaka indarra hartzen sariketa berri hau.\ \ Informazio gehiago: http://www.zubertsotan.net/index.php?option=com_content&view=article&id=499:eneritz-artetxe-azkoitiarra-nagusi-aizpurutxoko-bertso-sariketan&catid=78:martxoan-bertsoa-2012&Itemid=58 helbidean. Eta bideo eta guzti http://www.bertsoa.com/eu/bertsoa-albisteak-ficha.asp?idAlbistea=2895 bertsoa.com-en\