Saio atsegina Soreasu hotz batean, Presoen eskubideen alde

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz | Lotura
2012-04-29 00:04

2012.04.27, Azpeitia, Soreasu antzokia, 22:30.

Antolatzaile: Herrira eta Erniarraitzen artean lankidetzan.

Gai-jartzaile: Jokin Uranga. Egoki gidatu zuen taldea, lanak ongi orekatuta eta saioaren bilakaera kontrolatuz.

Bertsolariak: Haritz Etxeberria "Ministro", Nekane Zinkunegi, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Andoni Egaña eta Unai Iturriaga.

Saioaren iruzkina:
Egun iluna, hotza eta bustia zen, gaueko 21:00ak inguruan trumoia ozen eta tximistargiak indarrean, etxean zalantzan zegoena are zalantzatiago jartzeko. Hala ere, Soreasu ederki bete zen, harrigarria dirudien arren. Bertso-jaialdiaren arrazoiak berak ere mugiarazten jarraitzen du oraindik jendea, zorionez. Soreasu bete zen, baina ez berotu, berogailuak ez zeukan indar askorik nonbait, jendeak txaloen bidez eskuak berotzeko-edo.

Bertsolarien taldean, Erniarraitzek azken aldian antolatutakoetan ohi duenez, bailarako bi ziren kantuan, eta oso maila ona eman zutela esan dezakegu, besteen pare aritu ziren, eta distiratsu ere bai zenbait unetan.

Agurretan ikusi zen bertsolariek presoen aldeko mezuak ekarri zituztela: "Denon bultzadaz ekar ditzagun/ lehenbailehen denak etxera"; "gu ez gara joango denak / egon arte hemen"; "pelma izateko arriskurik gabe /betikoa eskatzera"; "gure gogoa non jartzen dugun /han egongo da herria". Indarrean hasi zen saioa are indartsuago jarri zuen seientzako baterako lanak: "Itxurarik ez badago ere uda gerturatzen ari da. Zergatik nahi duzue uda iristea? Zertarako?".

Kolpe politak etorri ziren. Iturriagaren "jada urdina zer kolore den / ahazten hasia nago-ta"; Egañak "eta futbola buka dadila / realzalea naiz-eta"; Lujanbiok, uda trapuz arin ibiltzea gustatzen zaiola esan, eta kritika, fresko egiten baitzuen Soreasun, "nunbait leku eleganteetan'e / kalefaziorik ez da-ta". Ministrok berriz oporretara Mexikora joan behar zuela "eta bahitzen bagaituzte ez / gera bueltan etorriko".

Beste ondorengo saio hau ere ona joan zen: Igor Elortza eta Unai Iturriaga biak durangarrak, "nola jaso zenuten, nola bizi izan duzue bonbardeoaren 75. urtemuga" galdetu zien. Elortzak bota zuen "ipuin txarrenak dira itxuraz /egi bihurtzen direnak"; Iturriagak berriz omen asko gabe joan zirela asko "ta beste batzuk lasai joan dira / ordainik bape emon gabe"; Elortzak kritikaren bidetik "ta kosta zitzaion parte hartzen / PNVren udalari"; Iturriagak jarraitu "piper pototik ikurrinara / batzuk nola pasa diren"; eta amaitu zuten "saia gaitezen soilik iragan / bihurtu dadin Gernika".

Ondorengo beste hiru ariketak, Nekane eta Ministro Saninaziotako egitaraua antolatzen, Maialen eta Andoni Interneteko atari batean berriak kontatzen. Iturriaga herioren paperean atzekoei bisita egiten bere sega eta guzti.

Saioa berriro pixka bat bizitu zuena Ministro eta Igorren artekoa izan zen: "Ministro arazoz beterik dago, eta arazo horiek guztiak eta gehiago gainditu izan dituen Igor psikologoarengana joan da". Ministrok galderak egiten asmatu zuen eta Igorrek erantzuten. Ministrok galdera, neskarekin bizitzen jarri zela eta "horren arraro al da gauero / amarekin oroitzea?". Igorren erantzuna "neskaren ama ez den artean / oraindik ez da larria". Ministrok kontatu zuen jendeak ikasten zuela diru gehiago irabazteko "eta nik berriz ikasi nahi det / lanikan ez egiteko"; Igorren erantzuna "lehenago hori bazenekizun / baina ahaztu egin zaizu". Ministrok bota zuen, bere arazoen erdiak kontatu eta ez zekiela nork zuen arazo gehiago berak ala psikologoak, eta Igorrek "kontatu ez didazun erdiaz / reflexionatu ezazu".

Gero Andoni eta Nekane izan ziren aita eta alaba. Aita 18-22 bitartean Frankoren aurka gogor borrokatutakoa, aspaldiko urteetan politikaz nazkatua bizi zena, alaba bisitatzera joan da Soto del Realera. Elkarrizketa polita burutu zuten. Andonik "nik politika bazter nezake / baina gure alaba ez" eta Nekanek "poztu behar dezu, aurrean dezu / zeu zinanaren islada" erantzun; eta bukatu zuten "ni beti-beti etorriko naiz / zu joaten zeran artean" eta alabak "zeren ametsak, lotuta egonda / aita zentzurikan ez du".

Maialen bakarka. "Zaborra modako albiste bihurtu zaigu, Hernanin atez atekoa nola doakizuen jakiteko amorratzen gaude Azpeitian". Hiru bertso ederren hiru erremate adieraziko ditut: bilketaren zailtasunaren inguruan "ia batere ez zaio kosta / borondatea dunari"; zaborren inguruko interesak aipatuz "zaborren gaiak azpian dauka / benetako errefusa"; eta amaitu zuen "ia ekintzak behin joaten diren /politikaren aurretik".

Unai eta Ministrok egin zuten hurrengo saioa, apaiza eta apostataren artekoa, eta Igor eta Andonik txapelketaren inguruan.

Eta berriro egin zuen pixka bat gora saioak Maialen eta Nekaneren arteko saioarekin. "Nekane kazetaritza ikasi eta euskal komunikabide batean hasi da lanean, eta bere lehen elkarrizketa egiteko Maialeni deitu dio". Asmatu zuen galderak egiten Nekanek eta baita Maialenek erantzuten ere. Galderak, bertsolari ibilbidearen inguruan, emakume ahotsa, fama, gogorik eza, edo bertso plaza kuttuna. Erantzunak ere parekoak izan ziren. Plazan bertsolariak ikusten zituela bere alboan ez mutil edo neska; xelebre pila ezagutzen dela, baina jende "ear" askoa ere bai; gogorik ez duzunean, plazako jendeak bela pizten duela gogoa, eta azken bertsoan bota zuen, aurreko Andoni eta Igorren arteko saioko gaia ekarriz: "hor Igor ere idatzi zazu /bestela pena hartzen du-ta".

Ministrok gero La Santen dagoen Pou lagunari kantatu zizkion hiru bertso hunkigarri.

Eta puntutan, saioaren hondarrean, Maialen, Igor, Andoni eta Unai. Jendeari atera zioten irribarre bat baino gehiago. Saioko pasarteak komentatu zituzten, Ministroren anaia alkatearenak, Soreasuko berogailu faltak, Realarenak eta Atletikenak tartean, eta Madrilekin bat eginez amaitzeko.

Eta azkenik, agurrak berriz ere presoen inguruko mezuekin. Iturriagak kantatu zuen azkena, maiatzean beste zita bat dugula gogoratzeko: "plazak bete ditzagun / ta kartzelak hustu".

Bi ordu eskas iraun zuen saioa, arin eta eroso joan zitzaidan neuri. Ni neu ez nintzen hoztu, baina ezta txamarrarik erantzi ere antzokia izan arren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa