Erniarraitzen hitzaldi sorta

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz | Kultura | Argazkia
2012-05-29 19:17

Bertsoaren inguruko hainbat kontutan sakontzeko, hitzaldi edo ikastaro sorta antolatu dugu Erniarraitzekook, Bertsozale Elkarteko Bertso-Eskolen batzordearekin batera. Helburu pedagogikoa dugu, nolabait esateko, bertsoaren barneko kontuak erakutsi eta lantzea -edo lantzen laguntzea- baita gure nahia eta asmoa. Hitzaldiek, ordu eta erdi edo bi orduko iraupena izango dute eta irekiak izango dira, noski, interesa duen herritar guztientzat.

Datorren ostegunean (maiatzaren 31an) izango dugu aurrena: Karlos Aizpuruak "Nola landu etxean bertsogintzako ohiko baliabideak" hitzaldia emango baitu, arratsaldeko 19:00etan Azpeitiko Sindikatu Zaharrean.

Karlos Aizpurua (http://bdb.bertsozale.com/web/haitzondo/view/ka...) bertsolari, gai-jartzaile, bertso irakasle eta eragile oiartzuarra da eta, bere laguntzaz, bertsoaren sortze prozesu orokorra aztertuko da ikastaro honetan, bertsogintzari eragiten dioten alderdiak azpimarratuz. Ondoren bertsogintzan ohiko diren zenbait baliabide aztertuko dira. Bukatzeko, bertsotan aritzeko zenbait uste, ikuspegi eta hausnarketa partekatuko lirateke eztabaida sustatzeko.

Aizpuruaren lehen ikastaro honetaz gain, beste 3 ere aurreikusi dira. Honatx:

Ekainak 28. Arkaitz Goikoetxea: "Bertso-eskola eredu baten erakustaldia". Bertso-eskola ireki bat egingo da ikastaro honetan, tokian tokiko lau bertsolari trebaturekin. Hala, binakako gaiak eman eta entzundako bertsoen inguruko iruzkinak egingo dira taldean. Gidariak hari-mutur bati tira egingo dio iritzi-trukea abiarazteko, eta bertsolariek ere beraien ekarpenak egingo dituzte.

Irailak 20. Maialen Lujanbio: "Gaiaren trataera, bertsolarien aldetik". Gai emaileak gai bat proposatutakoan bertsolariari barne zurrunbilo bat pizten zaio: ideiak bilatu, printza askoren artean aukeratu, ezerezetik abiatuz gero tiraka ekarri beharra edo usain bat, aire bat, irudi bat, hitz bat edo kolore bat buruan izan eta hortik abiatzea. Faktore askok eragiten dute bertsoaren nolakoan, baina nola eragiten du gaiak? Eta gaia emateko moduak? Bertsolari batek gai bat nola tratatzen duen aztertuko da bertan, eta bapatean ari denak ea egiten duena aukeratu ote dezakeen.

Urriak 18. Jon Maia: "Doinua eta kantaera". Bertan, zenbait doinu eta kantaera entzun eta komentatuko dira. Doinuaren funtzio komunikatiboa eta ez komunikatiboaren azterketa eta kantaeraren interpretazioa landuko dira. Horrez gain, ahots propioaren bila dabilen bertsolari pinguinoaren teoria ere azalduko du Maiak.

Hitzaldi guztiak, Azpeitiko Sindikatu Zaharrean, arratsaldeko 19:00etan.

Erniarraitzen ustez, ikastarotxo hauek interesgarriak izan daizke bertsoaren inguruan dabilen jende guztiarentzat, bat-batean ari direnentzat, irakaskuntzan ari den edozeinentzat edo bertsoaz besterik gabe gozatu nahi duenarentzat, bertsoaren barne mekanikan sakontzeak bertsoa bera gehiago gozatzea baitakar ezinbestean.

Gusto baduzue, hantxe ikusiko dugu elkar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa