“PLAZATIK GAZTETXERA” sariketako kanporaketan, hirugarren ...

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz | Iruzkina
2012-06-03 15:23

“PLAZATIK GAZTETXERA” sariketako kanporaketan, hirugarren postua lortu dute Eneritz Artetxek eta Ugaitz Beristainek


Plazatik gaztetxerako aurtengo edizioan, bikoteka lehiatzen ari dira bertsolariak. Lehendik jendaurrean kantuan aritutako batekin eta oraindik berri samarra den beste batekin osatuak dira bikoteak, bertsolari berriei aukera eman asmoz. Erniarraitzeko bi kidek ere izan dute presentzia aipatu txapelketan. Joan den apirilaren 26an, Markiña-Xemeingo gaztetxean lehiatu baitziren Eneritz Artetxe eta Ugaitz Beristain azkoitiarrak beste hiru bikoteren aurka.


Ondo hasi ziren zortziko handiko ariketan bertsolariak. Zortziko txikian fin aritu ziren lau bikoteak, publikoaren txalo zaparradak lortuz. Aitor Salegi eta Xabat Galletebeitiaren zortziko txikiko saioak zeresana eman zuen saio osoan. Parranda ostean komunean amaitu zuten elkarrekin, eta irtetzean taberna itxita topatu zuten. Gaztetxea barrez jarri zuen bikoteak.

Kopletan ere umoretik jarraitu zuten bertsolariek. Ugaitz Beristain eta Aitzol Urain elkarren herriei buruz zer dakiten azaltzen jarri zituen gai jartzaileak. Mendarokoak eta azkoitiarrak publikoaren erantzun ederra jaso zuten. Ugaitz Beristainek gainera, herrian noiz edo noiz aritua bada ere, jendaurrean abesten zuen lehen saio “ofiziala” zuen eta ez zuen hutsik egin. Koplen ostean etorri ziren bakarkakoak. Lau taldeek egin beharrekoa amaituta, publikoaren botuak kontatu artean, puntuka aritu ziren zortzi bertsolariak.

Buruz burukora pasatzeko epaileen txartela Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitiarentzako izan zen. Publikoaren bozka, ostera, Aitor Salegi eta Aitzol Urainek lortu zuten. Bi talde horiek jokatu zuten buruz burukoa.

Hamarreko txikiko ariketa egin zuten lehenengo eta bakarkakoa ondoren. Bertso horiekin amaitu zen saio puntuagarria, eta epaiak eskualdeko bikoteari eman zion finalerdietarako txartela: Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrari eta Xabat Galletebeitia lekeitiarrari.

Zortzi bertsolariei opariak banatu zizkieten Gaztetxemon gaztetxeko maskotak. Bertsolarien esker oneko agurrekin eman zitzaion amaiera saioari. Erniarraitzeko bikoteak hirugarren postua lortu zuen behin buruz burukoa amaituta. Baina bigarrenak puntuazioan eurei ateratako alde estua ikusita, buruz burukoaren aurretik epaimahaikoaren zerrendan bigarren zeudela esan daiteke. Aitor Salegi eta Aitzol Urain publikoaren bozkaz igaro baitziren buruz burukora.

Zorionak beraz, txoko honetatik Eneritz Artetxeri eta Ugaitz Beristaini! Segi dezazuela horrela!

Saio osoaren kronika irakurri nahi duenak, topatu.info atarian dauka ikusgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa