"Bertso-eskola eredu baten erakustaldia"

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz | Lotura
2012-06-26 21:32

Erniarraitzek antolatutako hitzaldi sortaren harira maiatzaren azken egunean eman genion hasiera Karlos Aizpuruaren hitzaldiarekin:"Nola landu etxean, bertsogintzako ohiko baliabideak"
Goiko bideo-laburpenean ikusiten den bezala, bertsoa sortzeko estrategia nagusiaren inguruan aritu zitzaigun. Power pointaz lagundurik bi ordu eta erdi inguruko hitzaldi-elkarrizketa izan zen.

Interesgarria izan zen hitzaldira bildutako jende gehiena aditua, bat-batean bertsotan aritzen dena, izan bazen ere. Denetik hitz egin zuen, bertsoak berez dituen mugak: Denbora mugatua, publikoaren ulermena, kantu-kidearen eragina... Eta abantailak ere aipatu zituen: Originaltasuna, doinua, testua hobetzeko gaitasuna (ahotsa, erritmoa, bolumena, keinu-imintzioak...).

Aztertu zituen erretorikaren bost puntuak ere bertsogintzan nola aplikatu daitezkeen, zenbait adibide emanez. Aztertu zituen bakarkako gai irekien arriskuak, bakarkako gaiaren prestaketan zer izan kontuan.

Aztertu zituen oin-multzoen memorizazio beharrak. Bertsotan nahiko eroso aritzeko 130 errima, eta errima bakoitzetik 12-20 oin behar zirela esan zuen gutxienez. Oinak multzokatu eta ointegiak antolatu behar dituela, bakoitzak bereak. Horrek etengabe lan egitea eskatzen du.

Inprobisazioa ez da berezko zerbait, lanik gabe ez dakit nondik sortzen dena, landuta eta prestatutako memoria baten emaitza baizik.

Hori izan zen aurreko hitzaldia, teorikoa eta bertsolariak nola lan egin behar duen erakusteko proposamen bat.

Datorren ostegunean dugu berriz bigarrena, "Bertso-eskola eredu baten erakustaldia". Arkaitz Goikoetxeak gidatuta bertso-eskola ireki bat egingo litzateke ikastaro honetan, tokian tokiko lau bertsolari trebaturekin. Hala, binakako gaiak eman eta entzundako bertsoen inguruko iruzkinak egingo lirateke taldean. Gidariak hari-mutur bati tira egingo lioke iritzi-trukea abiarazteko, eta bertsolariek ere beraien ekarpenak egingo lituzkete.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa