Giro ederra Azkoitiko udaberriko bertso saioan

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz | Kultura | Lotura
2013-05-15 09:23

Asmatu zuten entzuleengana iristen joan den ostiralean Floreagako aretoan Eneritz Artetxeren esanetara kantuan aritu ziren bertsolariek. Ugaitz Beristain etxekoa, Igor Elortza, Arkaitz Estiballes, Alaia Martin, Aitor Mendiluze eta Jone Uria izan ziren seikotea osatu zuten bertsolariak.

Hasierako agurretatik bertatik lapurtu zizkieten lehen irriak entzuleei. Elortza Jon Maiaren ordez etorri zen, zumaiarraren azken uneko ezintasuna medio, eta halaxe abestu zuen "haren lekurik ez dut beteko gorputz puska bat bada hor/ baina tapatzen dudan zatia ondo betetzera nator". Estiballes, berriz, aretoaren dekorazioarekin harrituta agertu zen bere lehen agurrean: "ia bertsotan saiatzen garen ahalik ondoen kantatzen / bestela igual hormaren kontra jartzen gaituzte pentsatzen" bota zuen.

Lehen ariketan, gai beraren inguruan aritu ziren seiak kantuan. Hedabideetan presentzia handirik izan ez duen arren, azken aldian bakoitzarentzat garrantzitsua izan den gai bana azpimarratu behar zuten. Denek ere bota zituzten arrazoi politak, baina batena nabarmentzekotan, honatx Martinen bigarren bertso amaiera: "baina horiek ez dira_albiste aitortuz gero egia/ errepikatzen den serie bat delako albistegia".

Ofiziotako lanetan, Arkaitz Estiballesen eta Aitor Mendiluzeren lana izan zen politenetakoa. Elkarrekin afari erromantiko bat izan ostean, bakoitza bere bikoteagana zihoazela esan zien gai jartzaileak. Mendiluzek ekin zion lanari bere lehen bertsoa "orain zita daukagu andrea da biok / zuri esan gabeak esango dizkiot" bukatuz. Estiballesek, erromantiko jarrita erantzun zion: "orain etxera joan behar nuke baina / nirekin dago zure perfume usaina". Estiballesek arazoak izan zituen kanturako hautatutako doinuarekin, baina hori bera baliatu zuen Mendiluzek txistea egiteko: "maitea ez zaidazu kantatu horrela / ematen du negarrez hasiko zarela"; eta ederki erantzun zion Estiballesek bueltan: "pasio hau ez dute beste maitale bik / zukin ahotsak ere dardara_egiten dit". Mendiluzek kontu berarekin jarraitu zuen azken bertsoan: "ai ze ahots dardara eta ze istori / bihotzeraino heldu zait emozio hori"; halaxe egin zuen Estiballesek ere: "bragetak ere ia egin dit eztanda / azken dardara hori orgasmoa izan da".

Igor Elortzari bakarkako gaia jarri zion ondoren Artetxek: "zer da zuretzat herri harresia? Zer izango da aurrerantzean Euskal Herritarrontzat?" galdetu zion. Lehen bertsoa honela amaitu zuen: "ertzain beltzenen aurrean kolpe batzuk hartzearen truke/behar genuen fedea berriz berreskuratu digute". Eta azkena ere bikaina izan zen: "besorik beso egin daiteke ta orain jendeak badaki/harresi batzuk puskatu eta harresi batzuk eraiki".

Saioak aurrera egin ahala, Azkoitiko bertso eskolako gaztetxoak igo ziren sei bertsolariei puntuak jartzera. Grazia izan zuen Ugaitz Beristaini jarritako puntuak: "Axkoitiar xanoa al zara zu ere?" bota zioten, eta honela erantzun zuen berak: "bota ziak earra suabe suabe / barkatu egingo diot berari halare / Azkoitin xanokeitan ohituta gaude".

Orain artekoez gain, beste bertso mordo bat ere joan ziren Floreagako aretoan, baina saioan izandako bertsoaldi guztiekin kronika amaigabe bat idatzi litekeenez, hemengoekin eta bideoan bildutakoekin utziko zaituztegu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa