Kanpazuekin

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2007ko urr. 17a, 21:10

Joan da ezagun bat erosketak egitera. Mutila bera, kanpazoa hartuta agertu da herriko dendetan. Eta parean emakumezko batzuk agertu zaizkio: "Hau bai hau mutille. Hau ez ta bate lotsatzen kanpazukin aurrea ta atzea, ez beste gizonezko batzuk bezela". Mutila oso gustura bueltatu da etxera, eta harro kontatu bikoteari: "Gero esateizu nei ez naizela 'modernue'! Etxeko andre danak gustoa asko utzi ditut".

Emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasun gisa ikusi zuten etxeko-andre haiek kanpazoa. Baino beste modu batera ikusten dut nik. Kanpazoa erabilita, plastikozko poltsa gutxiago erabiltzen dira, eta gutxiago erabilita, gutxiago produzitu, eta gutxiago ekoiztuta, gutxiago kutsatu... Ekologikoa da kanpazoa.

Donostin denda batean erosketan egiten ari nitzela zera esan zidaten: "Barkatu, baina jada ez dugu plastikozko zorrorik ematen. Nahi izanez gero, ekologiko bat dugu, baina 3 euro ordainduta. Kate handi bateko denda zen, eta poza eman zidan erabakiak. Plastikozko zorro gutxiago izango da bazterretan.

Poltsa ekologiko horietako bat erosi dut. Kanpazoa ere badut. Eta azkena bi kontu txiki erostera joan nitzenean plastikozko zorrorik ez emateko esan nion saltzaileari. Neure poltsan sartu nituen. Ez dakit kontzientziazio honek zenbat iraungo didan, baina beno, hemen idatzita agian neure burua behartuko dudalakoan...