Zezenaren hileta aprobetxatuz...

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2008ko urt. 30a, 16:01

Euskadi irratian behin eta berriz entzun dut egunotan Azpeitiko Karnabalen iragarkia. Asteartean zezenaren hileta egingo da aurten ere.

Aurtengoa "berezia" izan daitekela bururatu zait. Zezenaz gain beste norbait enterratzeko proposamena egingo dut. Gure inguruan ez da giro: astearte horretan bertan, Goenkaleko Maria Luisa hilko dela esan dute, eta disgusto ikaragarria hartu duenik ere bada. 14 urtetan ia egunero afaltzen gurean izan den "kastako" emakumea hil egingo dela, alajaina! "Hori, hori, Maria Luisa, ez barkau!", sarri esaten zuen gure amama zanak. "Horrek jarrikoik ordena hor!", berriz, beste amama zanak. Gazteen batzuren "idoloa" ere badela badakit, baina, beno, badaezpada ez du izenik emango. Itziarko gaztetxean Goenkalaren kapitulo guztiak ikusten omen dituzte, eta Maria Luisak omen ditu fans gehien.

Karnabaletako programan honela jartzen du: "Beltzez edo lutoz jantzitako herritarren partaidetzarekin zezenaren hileta egingo da plazan". Maria Luisaren argazkia ere ateratzeko proposatzen dut nik. Kontxu Odriozola herritarra dugula kontuan hartuta, gainera, ez dugu aitzakiarik.

Horrelakoetan esaten den bezala: Maria Luisa Galardi. GOIAN BEGO!

Ondo pasau karnabalak!