Muxu bat Joxe, zauden tokira

Erabiltzailearen aurpegia estitxu 2013ko urt. 3a, 11:41

Itzali dira kamerak, joan dira argazkilariak, isildu dira agurreko bertso eta aurreskuak... eta gelditu zaigu zure hutsunea. Tristuraz amaitu dute urtea Oranda aldean eta berria estreinatzerakoan ere zure falta handiegia da oraindik; baina argitzen ari da eguna, eta argituko da.

Bertsolari gisa plazan ikusi zintudan aurreneko aldiz, eta miresten zintudan, baina zer diren gauzak, zure bertsoez ez naiz apenas akordatu egunotan. Kasualitatez familiako suertatu ginen, zeharkako familiako, eta orain tio Joxe da faltan dudana Joxe Agirre bertsolaria baino.

Umoretsu, bizi, adar-jotzaile eta zirikatzaile oroitu nahi zaitut, hala hartu izan ninduzulako ezagutu ginen unetik. "Zeuk ere mingain bizia duzu" esan zenidan behin, eta oroitzen dut nola harrotu nintzen nire barruan. Tonu horretantxe idatzi nahi dizut gutun hau, bai baitakit kontu tristeez baino alaiez nahiago izaten zenuela hitz egin.

Joan zinela jakin nuenean noraezean gelditu nintzen une batez; telefonoa eskuan, ez aurrera ez atzera. Berehala, zurekin izandako hizketaldiez akordatu nintzen, eta une batean irribarrea atera eta hauxe esan nizun: "Zu orain ere azkar Joxe; mundua bukatzen dela jakin eta badaezpada egun batzuk lehenago joan zara, toki onena hartzera". Eta entzun egin nuen zure algara bizia, gisa horretakoak esandakoan egiten zenuen barre haietakoa.

Irribarrez agertzen zara oroimenean gorde nahi ditudan zure irudietan. Irribarrez, behin zuri argazkilari batek egindako argazki batzuk lanean utzi nituela esan eta "bale zea orduan, haiek lanean ari badira joan beharrik ez duzu eta!" erantzun zenidanean bezala. Irribarrez, ospitalean egon zinenean bisitan joaten nintzen bakoitzean "eskerrak! Orain ere etorri zara zu, neska polita, gaur ere enfermera zatar askoak tokatu zaizkit eta", esanez keinu egiten zenidanean bezala.

Irribarrez, telebistaren aurrean albisteak ikusterakoan ateratzen zenuen zalapartaren ostean gelditzen zinen bezala. Izan ere, pentsatutakoa garbi esanzalea zinen, eta politikari batzuk ederrak entzuten zituzten pantailaren bestaldetik. Ez zenituen maite Madril ingurukoak, ez eta hemengo Madrilzaleak ere. Epelak entzuten zituzten.

Eta irribarrez ikusten zaitut oraindik, azkena Orandan izan nintzenean bezala. Urtebetetze bi ospatzen, bilobak soinua atera zuenean piztu zitzaizun aurpegia, eta argi egon zinen entzuten. Zure ondoan nintzen, eta hala esan zenidan belarrira: "Eman behar diot propina, ederki ari da eta, fin-fin". Eta justu egun horretan bertan aurrenekoz jende aurrean bertsotan egitekoa zen zure beste biloba, eta hala esan zenidan, begiak dizdiz beteta: "Nik badaukat fedea horrengan eh, bixkorra da eta".

Harro zeunden bilobez, gustura, haiek zure balio, tradizio eta kulturaren aldeko pausoak ematen hasiak daudelako. Harro zeunden zure herriaz, euskaraz eta bertsoaz, zure-zureak sentitzen zenituelako. Eta harro oroituko zaitugu guk ere, ezagutu izanak eman digun aberastasunarekin pozik.

Bertsolari aldizkariaren egutegira egunero egiten dizut kasu oraindik ere, hemen egon ez arren hemen jarraitzen duzulako. Irribarrez. Muxu bat, Joxe, zauden tokira.