Pasahitza: erreklamazio orriak

Erabiltzailearen aurpegia estitxu 2014ko mar. 27a, 11:27

Oraintxe izan da Kontsumitzaileen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna. Martxoaren 15a ei da egun hori, Nazio Batuen Erakundeak hala erabakita, 1962an John F. Kennedy AEBetako orduko presidenteak hango kongresuan egindako hitzaldi baten omenez. Baditugula eskubideak, guk, herritarrok, kontsumitzaile bezala, eta horiek aldarrikatu behar ditugula. Hala esan zuen orduan Kennedyk, eta hala esaten digute sarri-sarri agintari, elkarte zein aholkulariek. Baina telefono konpainiekin, finantza erakundeekin edo bestelakoekin sutu eta kexa edo salaketa bat jartzekotan garenean, zapla! burokrazia, lantegi guzti horiek denak alfer-alferrik hartzen ditugunaren sentsazioa.

Hala uste nuen nik ere, formula magikoa ezagutu nuen arte. Bada pasahitz bat, kontsumitzaileei egiten dizkiguten adar-jotze guztien aurka mirariak egiten dituena: Erreklamazio orriak. Esan eta funtzionatu egiten du.

Salamancan (Espainia) hasi zen dena. Oporretatik bueltan, lagun talde batek bidean topatutako hotel batean hartu genuen ostatu. Leher eginda geunden eta ohera sartu ginen zuzenean. Hurrengo goizean, ordea, dutxara sartu eta ur berorik ez. Hotzarekin espabilatu ginen denok, baina irteterakoan hotelaren jabeari esan genion ur berorik ez zegoela. Eta harro jarri zen bera: ur beroa egon bazegoela eta gu odolgabeko batzuk ginela. Ateraldi hura entzunda ez genuen asko behar izan ernegatzeko: berehala ginen eztabaidan, eta azkenean, taldeko batek erreklamazio orriak eskatu zizkion. Zuri gelditu zen gizona, barrura sartu zen, eta bost minututara barkamen eske etorri eta gela ez zigula kobratuko esan zigun. Ez genuen ezer ulertzen. Guk gela ordaindu nahi genuela baina kexa erregistratzea ere bai, eta berak barkatzeko eta barkatzeko. Azkenean aitortu zigun ez zuela erreklamazio orririk eta oparitu egin zigun egonaldia.

Bigarren gertakaria, handik hilabete gutxira. Kutxan (oraingo Kutxanbank) neure kontuan dirua sartu nuen VISA txartelarekin, kutxazain batean. Gero, kontu horretatik beste batera pasatu nuen diru hori, Internet bidez, eta inolako abisurik jaso gabe, 36 euroko komisioa kobratu zidaten. Bai, 36 euroko komisioa, neure kontuan dirua sartzeagatik. Bulegora joan nintzen, eta ez zidaten irtenbide baporik eman: diru hori itzuliko zidatela, baina EPSV bat irekitzen banuen. Asaldatuta Kutxaren webgunean sartu eta sarean dituzten erreklamazio orrietan kexa bat idatzi nuen. Hiru egun pasatzerako bulegotik deika nituen, diru hori itzultzea erabaki zutela esanez.

Eta azkena, orain hilabete batzuk. Canal + katearekin nuen kontratua etetea erabaki nuen eta dekodifikadorea itzuli behar nuela esan zidaten, baina gutunez jakinaraziko zidatela noiz eta non. Gutunik ez nuen jaso, eta handik hilabete pare batera 300 euroko isuna kobratu zidaten. Telefonoz langile batekin hitz egin ostean, hark kasurik ez zidala egiten ikusi, eta erreklamazio orriak eskatu nituen. Ez zituztela esan zidan. E-mail bat bidali nien gertatutakoa salatuz eta erreklamazio orriak eskatuz, eta astebeteren barruan 300 euroak itzuli zizkidaten.

Suertea? Kasualitatea? Baliteke, baina niri funtzionatu dit. Ez naiz teknikaria, baina software librearen alde nago eta guztion erabilgarri uzten dut pasahitza: erreklamazio orriak.

Ea errorerik ez dizuen ematen.

P.D.: Azkena idatzi nuen Bostekoa-k izan du eraginik. Artikuluan aipatzen nuen batek nire erronkari erantzun, eta Azkoitia-Azpeitia lasterketa herrikoiko irteeran agertu zitzaigun, gurekin korritu behar zuela esanez. Nahikoa barre egin genuen eta disfrutatu ere bai. Ausarta bera. Bakoitzari berea. Ekipoa handituz doa.

Estitxu Elduaienek Urola Kostako Hitza-rako idatzitako iritzi artikulua da hurrengoa.