Teatreroak

Erabiltzailearen aurpegia estitxu 2014ko eka. 19a, 12:49

Teatreroa: Euskaltzaindiak onartu ez eta Espainiako Errege Akademiaren hiztegian honako esanahiak jasotzen dituen hitza: (I) deigarri izatea gustatzen zaion pertsona; (II) histrionikoa (hitz egiterakoan imintzio asko egiten dituena); edo (III) antzerkizalea. Ez dakit aurreneko esanahiagatik edo bigarrenarengatik, baina beti entzun izan dut hitz hori gutxiespen zentzuan. Eta neuri, gustatu egiten.

Deigarri izan eta hori gustatzean ez dut bekaturik ikusten. Norbera den bezalakoa izatea onartu eta maitatzen denaren seinale litzateke, eta aldamenekoa errespetatzen duenaren ikur. Lagun bat galdu dut orain bi aste, bat-batean, eta kolpean. Eta ezagutu nuen aurreneko egunetik eman zidan atentzioa. Goraipatu da haren militantzia, haren lana, hark euskararekiko, herrigintzarako eta borrokarako zuen grina, baina zer diren gauzak, niri haren omenaldietan esandakoak arrotz ere egin zaizkit, nik pertsonaia baino pertsona ezagutu nuelako. Eta bazen teatreroa, lanetik, militantziatik eta borrokatik zuenari parrandatik, umoretik, bertsotik eta lotsagabekeriatik ere erantzuten ziolako, eta azken unera arte izaera hori aldarrikatu zuelako. Xingar, gazta, ardo, garagardo, zigarreta, ron, bertso, kantu eta buila artean zenbat hausnarketa potolo, haserre puntu eta bizkarreko konplize ikusi ote nizkion ezberdinetik berdinera. Hala esaten zuen, «herri hau egiteko batzuk lokatzetan, besteak ukuiluan eta azkenak pasarelan ibili behar dute». Alegia, teatreroak behar direla. Agur eta ohore, Txato, Urolan ere akordatuko gaituk hitaz.

Histrionikoa zer zen ere ez nekien hiztegian begiratu arte, baina horrek ere ez dit atzerakorik eragin. Ez al zaizkigu ba gustatzen andaluzak? Imintzioka hitz egiten dutenek hobeto esplikatzen dituzte gauzak, egia pixka bat puztuta grazia eta emozio gehiago ematen diote kontakizunari. Eta sakonera begiratuta, histrionismoa dago komunikazio eraginkorrenaren oinarrian. Aurrekoaren atentzioa erakartzeko, atentzio hori zeuregan mantentzeko, eta zure esana behar bezala entzunarazi eta ulertzen duela konprobatzeko, ahotsa erabiltzeaz gain gorputza erabiltzea ezinbestekoa da. Bestela galdetu politikoei, irakasleei, kontalariei, ikerlariei, kazetariei, artistei… Ikusiaz entzutea gustatzen zaizkigun pertsona horiei erreparatuz gero, bai familiako hori, bai telebistan edo mitinetan aritzen den hori, imintzioka ari da, uneoro. Alegia, teatreroak direla kontalari maiteenak.

Ah, eta antzerkizaleak denok gara, nonbait. Izan ere, ondo ikusita bezala dago antzerkia gustatzen zaizula esatea, nahiz eta gero antzezlan oso gutxik bete aretoak. Ba, gurean bada marka guztiak hausten dituen antzerki festa. Eta ez naiz Azpeitiko antzerki topaketez ari, Zestoako antzerki asteaz baizik. Ekainaren 29tik aurrera, bertako interpretazio eskolako ikasleek hirugarren urtez jarraian beteko dute herriko Kultur Etxeko aretoa, eguna joan eguna etorri, eta sarrerarik gabe geldituko dira asko. Harrokeriaz eta autobonboz ari naizela pentsatuko duzue batzuek, baina zer, teatreroa naiz ni ere batzuetan, eta izan egin nahi dut. William Shakespeare-en bi obra, egundo euskaratu gabeak, euskaratu eta taularatuko dituzte, idazle klasikoa jaio zenetik 400 urte bete direnean. Afizio eta ilusio osoarekin, profesional izateko amets utopikoetatik urrun, bertakoek bertakoentzat egindako goxokia, eta bide batez, azpeitiarrentzat txikiegia nonbait, antzerki topaketetako amateurren sailean ez baitituzte onartu (egunen batean hitz egin beharko dugu zer kriterioren arabera hartzen dituzten topaketa horretako erabakiak…).

Izan gaitezen teatreroak. Kendu lotsak eta jantzi harrotasun sanoak; kendu ketotasunak eta mugitu besoak; eta kendu karetak eta jantzi maskarak. Ikuskizuna aspaldi hasi zen eta gozatzeko premia dago.

Estitxu Elduaienek Urola Kostako Hitza-rako idatzitako iritzi artikulua da hurrengoa.