'Atxoputie'

Erabiltzailearen aurpegia estitxu 2014ko uzt. 24a, 12:28

Lehengo batean, Zarauztik Zestoara autobusean nentorrela gertatu zitzaidan. Eguraldi ona, eta hondartzatik bueltan nerabe mordo batekin egin nuen bidaia: autobusean geundenen artean, hamarretik bederatzik 14-17 urte izango zituzten, eta gainerako bakanak ginen helduagoak. Jarri nintzen atzealdean, nerabe horien artean, eta bat-batean hasi zen bat erdi tente jarrita, geldialdiaren botoiari ematen. Geltoki bakoitzaren aurretik ematen zion botoiari, eta autobusa, geldialdi bakoitzean, gelditu egiten zen. Ez zen inor jaisten eta mutil-neska guztiek barre egiten zuten. Katxondeo latza zeukaten, baina tentsioa ere bai, gidariak zer egingo beldurrez. «Eskerrak neska den, bestela honezkero zaplaztekoren bat hartuko genuen», entzun nuen behin baino gehiagotan.

Botoiari ematen zion mutil hari zerbait esateko gogoz etorri nintzen bide osoan. "Ez Esti, ez egin atso irteerarik, bestela ederrak entzun beharko ditun eta…" Eta halaxe, Zestoa aldera gerturatu arte, mingainari hortzakaka etorri nintzen. Baina, Zestoara gerturatzen, beldurtzen hasi neu: gidariak orain ez gelditzea erabakitzen badu? Bat-batean, inor baino lehen jaiki eta mutil horrek botoiari eman baino lehen neuk eman nion, eta han jarri nintzen bere aurrean. Barrez hasi ziren denak, eta "han, aurrea hartu dik", esan zioten. Eta mutil hori barrez, "earki pasatzeala?". Ezin izan nuen aguantatu eta bota egin nion: "Bai, ikusiko duzu zein earki pasatuko duzun autobusetik bidaltzen bazaitue!". Barre burlosoa egin zidan aurrena, eta "Uuuuuuuuu. atxoputie" entzun behar izan nuen autobusetik jaisten ari nintzela. Atzetik beste gizon bat zetorren, eta hark buelta eman eta "hi txikito, argi ibili hai", esan zion. Hori nahikoa izan zen mutila eseri eta isiltzeko.

Neuk kulpak. Adin horretan dena izaten da lotsagabekeria eta harro irteera. Bai, eta hori esanda ere, min eman zidan "atxoputie" entzuteak. Baina, zergatik harritu? Azkenaldian zenbat "puta, atxoputa, hija de puta, putaseme, sunormal, malnacido…" entzun ditudan akordatu naiz. Futbol partida bat, telebistako debate bat edo kaleko gai beroren baten inguruko eztabaidaren bati begiratzea besterik ez dago. Eta ez, horiek ez dira nerabeak.

Nire bi lagunekin akordatu naiz. Politikan dabiltza biak. Bat, orain hilabete batzuk, txistuka hartu zuten Azkoitian bilera batean, "vete a tu casa" esanez. Besteari, Madril aldean, "hija de puta"-ka aritu zitzaizkien, Espainiako Kongresuan. Bat alkatea, bestea diputatua, biak emakumeak. Eta biei irainka ari zirenak, ustez ondo hezi eta hazitakoak, gizalegetasuna eta errespetua hitzak gastatu arte erabiltzen dutenak. Gero eta gehiago sutzen naute hitz zatarrek, jarrera txarrek. Baina are gehiago sutzen naute ustez gehiago direnek mespretxuz egindakoek. A ze kasualitatea: autobusaren gidaria, emakumea;  Azkoitiko alkatea, emakumea; Madrilgo diputatua, emakumea. Azkeneko biek hala esan zidaten: "Badakit karguarekin batera datozela herritarren kexak eta txistuak entzutea". Baina begirada konplizea egin zidaten, tristura keinu bat ere bai, "gutxi batzuk izan dira", esanez. Seguru nago gizonezkoak izan balira ez lituzketela hain erraz irainduko.

Aspaldi entzun nituen "altuago hitz egiteagatik ez duzu arrazoi gehiago izango", edo "edozeren gainetik, errespetua eta klasea" bezalakoak. Epelkeriak iruditzen zitzaizkidan. Zahartzen ariko naiz bai, eta andratzen, baina banuen garaia.

P.D.: Idatzi hau orain hogei urte Zumaiatik Azpeitira bidean autobusetik bidali ginduen gidariari eta une horretan ondoan nituen kuadrillakoei eskaintzen diet. Bai, seguru honezkero nahikoa barre egin duzuela egun hartan egin genuena gogoratuta: nerabeak ginen, bai; geldialdiaren botoiari eman genion, bai, behin baino gehiagotan; eta gidariak azkenean autobusa gelditu eta Ezkuzta parean kalera bidali egin gintuen. Txankletak gasta-gasta eginda iritsi ginen etxera. Eta bai, merezi genuen. Portzierto, gizonezkoa zen gidaria.

Estitxu Elduaienek Urola Kostako Hitza-rako idatzitako iritzi artikulua.