Herria hutsik?

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Ibarzabal 2008ko mar. 25a, 17:03

“Aste santuetan zerbait antolatu beharko al litzateke herrian?” Inkesta hori ari dira egiten egun hauetan Uztarria-ko kazetariak web orrian, eta benetan galdera aproposa iruditzen zait aurtengo Aste Santu-ko jaien herriko giroa ikusirik.

 

San Jose egunez hasi zitzaigun Aste Santuko oporrak. Jende asko bildu zen Loiolan eta goiz partean poniekin jolasteko aukera izan zuten hainbat haurrek. Baina ikusmin gehiena, urtero bezala, asto karrerak piztu zuen. Bost atera ziren lasterketan, (badakizue, larunbateko Rallysprint-ean ezin zuenak atera ba asto karreran irtetearekin konformatu behar) eta hor ibili ziren denak batera elkarren atzetik, tarte handirik atera gabe. 5 bira eman ostean zirkuituari, Aitzol Arregik eta bere astoak irabazi zuten lasterketa, beste lau 'jineteak', Aitor Agirrezabal eta bere anaia Unai, Alberto Jimenez eta Jon Odriozola izan ziren. Kontuak kontu goiz polita izan zen.

Baina goiz horretan amaitu zen Aste Santuko jaien itxura guztia. Sei egun hauetan herrian ez da inor ibili, ezta Santurik ere ez ziren atera prozesioan (jeje). Zer gertatu zen? Jai hauek aprobetxatuz jendea kanpora atera eta herria hutsik gelditu zen? Mmmm ez dut uste eh, batzuk agian bai, baina herriko aparkagailuetan auto ugari zegoen, beraz ez zen hori kontua. Guzti honek poltsikoarekin zerikusia duela esango nuke nik.

Herrian jai ugari pasa berriak ditugu jarraian; Santo Tomasak, gabonak, San Sebastianak, ihauteriak… eta noski, hori poltsikoetan nabarmendu egiten da, eta euroa jarri zutenetik zer esanik ez. Jatetxeek eta tabernariek mugierazten dute gehienbat jendea, baina azken urteetan dauzkaten prezioekin jendea “itotzen” ari dira, eta joera honekin jarraitzen duten bitartean aurten herrian gertatu dena lortuko dute bakarrik, herria “hutsik” geratzea. Horregatik uste dut herriko jendearentzat zerbait antolatzeko ordua iritsi dela datozen urteetako; ekitaldiak, erakustaldiak, kontzertuak….

 

Azpeitiarrok badakigu gauzak antolatzen, beraz, zergaitik ez igaro herrian Aste Santu alaiago batzuk betiko tradizioak errespetatuz?

 

Blog pertsonala: ibarzabaltxokoa