Igotzeko 2. aukeraren zain

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Ibarzabal 2009ko eka. 3a, 00:06

Nahiko astebukaera gogorra igaro dugu herrian, batik bat kirola gustuko dugunok, larunbatean kolpe latza jaso baigenuen Garmendipe futbol zelaian Lagun-Onakekin.

 

Herriko futbol taldeak historioa egiteko aukera ezin hobea zuen larunbatean, eta hori nabari zen goiz goizetik herriko kaleetan zehar. Egun garrantzitsu hau omenaldi batez hasia genuen, Lagun-Onaken historian izan ziren presidenteak gogoratuz hain zuzen ere, eta meza bat ospatu ostean, Hotel Loiolan elkartu ziren guztiak bazkalduaz kontu zaharrak eta hainbat bitxikeri gogoratuz, (goikaladeko argazkian presidente guztiak elkarturik).

 

Baina denbora ez denez gelditzen, heldua zen benetako ordua denontzat, 90 minutuko sufrimendu eta tentsioa, aurrera atera beharra zegoen nola edo ala kanporaketa hura. Garmendipe inoiz ez bezala zegoen, jendez beterik eta herriko protagonista izateko prest, baina Torrelavegako zaletuak ere han zeuden tinko askorik guri gauzak zail jartzeko asmotan.

 

Halako batean hasera eman zion epaileak partiduari, beraz atzera bueltarik ez zegoen eta borrokan hasiak ziren etxeko mutilak golaren bila. Aurreneko minutuak nahiko ahulak izan ziren, nabari zen urduritasuna, asko baizuten jokoan.

Baina apurka apurka azpeitiarrak nagusitzen hasi ziren zelaian eta Altolagirrek erremate eder batean 1-0eko gola egin zuen 11. minutuan. Ederki ekin genion kanporaketari, eta gol hura oraindik ospatzen ari ginelaaÂ…Arruek 2-0ekoa, 14.ean, aze zoramena gure artean, irribarrea nagusi zen gure aurpegietan. Lagun-Onakek serio jarraitu zuen lanean eta 33. minutuan area barruan soltean geratu zen baloiaz baliatuz; Unai Etxeberriak 3-0ekoa ezarri zuen buruz. Igotzeko ametsa sinesten hasiak ginen, baina handik bi minutura ordea Torrelavegak 3-1ekoa egin zigun eta berriro eres tentsioa zen nagusi gure barnekaldean.

 

Bigarren zatian golen bat egin beharra geneukan apur bat lasaitzeko, baina ez zegoen batere erraza, arnasa hartzeko betarik gabe asko bultzatzen baizuten kanpotarrek. Bigarren zatiko 35. minutuan Altolagirreri penalti bat egin zioten eta honek ez zuen hutsegin, 4-1eko aldea jarri zuen markagailuan. Berriro ere gure ametsa gertu genuen, eta oraingo honetan inoiz baino indar gehiagorekin gainera, baina gure amets hori hortxen geratu zen tamalez, amets polit batean, 89. minutuan 4-2koa jaso genuen eta 93.ean 4-3koa, penaltitik. Ez noa aipatzera ze hitz pasatu ziren nire barnetikan, baina bai esango dizuet etxean dudan presidente ohiak eta nik, barrabiletako galanta jaso genuela egun horretan.

 

Partidu bat horrela galtzen denean, beti ibiltzen gara errudun baten bila, gehienetan epailea, baina kasu honetan ez nuke esango erruduna bera izan zenik nahiz eta penalti zalantzagarria izan. Bazen beste errudun bat larunbateko partidu horretan. Jokalariak? Ezta pentsatu ere, zuten guztia eman zuten eta ez dugu ahaztu behar egin duten denboraldiaz, beraz, xapo Lagun-Onak taldea osatzen duten guztiei.

Larunbateko errudunak GU izan ginen, bai gu. Oso hotz egon ginen orokorrean, tarteka tartek LAGUN oihu batzuk entzuten ziren baina mesedez ez konparatu Torrelavegako zaletuen giroarekin. Guri ez zigun berotzen joan zen herriko txarangak ere, eta ori saiatu zirela eh!! Ez ez, azpeitiarrak beti izan gara animatzeko garaian hotzak eta beste behin ere nabarmen geratu gara.

 

Orain, igotzeko 2. aukera bat dugu Alacanteko La Nucia taldearen kontra, beraz, guk ere beste aukera bat dugu herriko taldeari erakusteko badakigula jarraitzaile sutsuak izaten. Berriz ere nik zalantzarik ez dut Lagun-Onakeko mutilek guztia emango dutela zelaian, bainaa, guk geurea emango al dugu??

 

Blog pertsonala: ibarzabaltxokoa