Bi hodi, milaka aukera

Azken hilabeteotan garatu dugun proiektuak lehen fruituak eman ditu. Bi bideo argitaratu ditugu Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren laguntzarekin.

Haizea eta hodia. Bi funtsezko elementu horiek partekatzen dituzte txistuak eta organoak. Tamainaz eta giroz antagonikotzat jo daitezke bi instrumentuak, baina folklorearekin estuki lotutako hiru zulodun tresnak eta elizen goikaldeak hartu ohi dituen tramankulu tzarrak harreman berezia izan dute gure herrian azken hamarkadetan.

Duela zenbait hilabete jarri genuen Peio Irigoien irundarrak eta biok Bihodi proiektua martxan, fruitu aberatsak eskaini dituen formazioari gure ukitua eman eta errepertorio propio bat ontzeko asmoz. Musikenen, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian, ezagutu genuen elkar, eta lehen momentutik bion arteko ulermena ezin errazagoa izan da. Hilabete hauetan guztietan gure bi instrumentuak batuz, hainbat alor landu ditugu: folklorikoa, artistikoa noski, didaktikoa, pedagogikoa eta abar. Oraingo honetan, gure proiektuak eskaintzen digun beste aukeretako bat aurkezteko probestu nahiko nituzke lerrook. Euskal melodia tradizionalen zein kanta herrikoien moldaketak grabatu genituen joan zen urtarrilean Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren laguntzaz.

Gipuzkoan dugun organo ondarea itzela da; munduan ez da horrelako leku txikirik izango hainbeste organo ederrez josita. Cavaillé-Coll organo erromantiko frantsesak, Ataungo organo iberiko zaharra edota Donostiako Artzai Onaren katedraleko organo handia dira bilduma paregabe horren erakusleetako hainbat. Patrimonio horrek eta txistuak gure herrian duen maila gorenak, izugarrizko aukerak eskaintzen dizkiete txistulariei zein organistei beren instrumentuentzat espreski idatzitako musika lanak prestatzeko. XX. mendearen bigarren erdialdean, geroz eta ugariagoak izan dira konbinazio horretaz baliatu eta musika lan fin bezain erakargarriak idatzi dituzten konposatzaileak. Lan horretan lagundu dute, besteak beste, Euskal Herriko Txistulari elkarteak, Silboberri elkarteak edota beste zenbait musika elkartek, konposatzaile ezagun zein ez hain ezagunei piezak enkarguz eskatuz. Gaur egun, beraz, musika pila bat dago jotzeke, estreinaldiaren ondoren kaxatik nork aterako duen zain.

Helburuak ugariak eta anitzak izanik, pixkanaka gure proiektua zabaltzeko eta ezagutarazteko lanean dihardugu momentuotan. Beasaingo Igartza jauregian grabatutako bideoetan, lagun eta musikaria paregabea den Maria Martin abeslaria izan dugu kolaboratzaile. Jesus Guridik moldatutako lau melodia tradizional eta Xabier Otaolea zein Iñar Sastrek moldaturiko Leteren, Lertxundiren eta Juan Carlos Perezen hiru kanta ezagun bildu ditugu. Tradizioa eta modernitatea batuz ekosistema musikal desberdinak esploratzeko asmoz jaio da Bihodi proiektua.