Boteprontoan

Musu truk

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2023ko aza. 13a, 09:21
(Argazkia: RTVE)

Ignacio Arakistainek 2023ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzia artikulua da honako hau.

Pasioz kolpatu nezake behatzek ezagun duten teklatua uda sasoiak utzitako zenbait gairi buruz nire ideiak zurian iraultzeko. Hauteskundeen arteko zubi bilakatu zen uda hasieraz mintza ninteke ala jardun iraileko azken asteetan Donostiako Zinemaldian aurkeztu den dokumental batek harrotutako hautsez. Utziko nituzke tintontzian –zer erremedio– orain koofizial deituriko ama hizkuntzek jasotako bultzada edota etengabea zein isilpekoa den aldaketa klimatikoak beste behin erakutsi digun aurpegi krudela. Bateko bero bolada, besteko Dana.

Atsedenaldirik eskaini ez digun X, lehengo Twitter, sare sozialak garbi utzi digu saminik gordinenak zerk eragin dituen. Futbol federazioan gertatuak, gizarteak azalean itsatsia duen matxismoaren birusa berriro azalerazi du, pedagogia demokratikoko kontu bilakatuz musu baten itzalean ezkutatua zen botere oreka bidegabeko bat zuzentzea. Erruak erdibanatu nahi izana, biktima biktimario bilakatzea –txalo konplize artean– eta diru publikoz asetako postua ez uztea. Oro errukarria, birpentsatu beharrekoa. Balio beza guztiak isilean musu truk lanean dabiltzan emakume futbolari, teknikari eta zaleei estimu egiazko bat adierazteko.