Boteprontoan

Eguberri off

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2023ko abe. 24a, 08:44
(Argazkia: Pixabay)

Ignacio Arakistainek 2023ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako haur.

Zeu ere jabetuko zinen honezkero. Supermerkatuetako apaletan polboroi eta turroi inbasioa, ordua aldatzerako kalean argi apaingarriak eskegita eta jakarik mardulenei hautsa kentzen gabiltzala, Gabon usainez guztia lurrinduta. Urteari egunak agortzen zaizkio, lagun; oraindik garaiz zaude urtero zeure buruari, ongi nahiez, egindako promesak betetzeko. Zeinen ziklikoa eta zartatu ezina dena. Bada, ordea, udazkeneko igande arratsetan telebistan jarri ohi dituzten purpurinadun pelikuletan agertzen ez den bestelako eguberrialdi bat.

Aulki hutsen Gabonez ari naiz, arbolapeko oparien hartzaileak murrizten doazen etxeetan tradizioaren zamak eragindako arrakalez. Ez baitu abenduak eragin amnesikorik, guztiak –eta guztiek– jarraitzen du(te) presente familia giro hertsi bezain zenbaitentzat arrotzean igaro beharreko egun sakratuetan. Familia kontzeptuak jasandako eraldaketa berak bultzatu beharko gintuzke jaiegun hauek ospatzeko manerak birplanteatzera. Hango bazkari gehiegizkoa, hemengo opari alferrikakoa, urtean behin ikusten dudanaren irri faltsua, nere onetik ateratzen nauenaren altzo pozoitua... Betebehar oro, finean, nekagarria.

Eguberri off eta 2024 on!