Boteprontoan

Genozidioak bitrinan

'The zone of interest' filmaren irudi bat.

Ignacio Arakistainek 2024ko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Barruak astindu zizkidan pelikula bati eta hark kontatzen duenari eskaini nahi dizkiot lerrook. Jonathan Glazer britaniarraren The zone of interest kolosalak ispilu bat jarri nahi digu begi aurrean. Gudek etxe atarian irudi krudelak uzten dizkiguten garaiotan, enpatiarik ezak sortu diezagukeen mundu ikuskera faltsu bezain geurekoi eta desitxuratua ditu argumentu Auschwitzeko kontzentrazio esparruan buru den gizonaren eta bere familiaren istorioak. Triskantza eta laztura dituzte bizilagun emazteak eta seme-alabek, landarez estalitako zementuzko horma bat da ustezko paradisuaren eta infernuaren arteko muga bakarra. Nola eraiki, ordea, zitalkeriaren altzoan zorion esparrurik?

Buruzagi nazia lekuz aldatu behar dutela eta, emazteak suminduta heldu nahi dio, jarrera hotz eta higuingarriz, sortu duen lore ederrez jositako etxeari. Hilotz erreen kea darie tximiniei. Umeak uretan zipriztin dabiltzala, etengabea sirena hotsa. Herio deika, algara artean. Holokaustoaren inguruko museoetara garamatzaten azken planoek hausnarketa dakarte. Nola gara bizitza ostuak negozio bilakatzeko kapaz? Zapatila pila hark ez al zuen jaberik, haragizko oin parerik?