Euskarazko...

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2006ko urr. 5a, 13:10

Euskarazko prentsa eta Azpeitia

Liburu bat irakurtzea amaitu eta gero, beste bat aukeratzeari ekiten diot. Aspaldian, onartzea kostatzen bazait ere, erdaraz liburu gehiago irakurri ditut eta gure hizkuntza maiteari traizioa egiten hari nintzela pentsatuta, euskaraz idatzitako liburu baten bila hasi nintzen etxean zehar. Txoko guztiak miatu eta gero, Euskarazko prentsa eta Azpeitia izeneko liburua topatu nuen. Gogoan dut, Uztarriak bazkide izateagatik bidali zidala, 2004. urtean, argitaratu zen urtean. Liburua triste zegoela iruditu zitzaidan, ni neuk bi urte lehenago utzitako leku bertan baitzegoen, norbaitek zabaltzeko zain.

Badakit, liburu bat gustagarri izateko, norberaren balore edo zaletasunetik gertu egon behar duela. Berdin gertatzen zaigu zinea edo musikarekin ere. Horregatik, baliteke liburu honek beste batzuengan interes askorik ez sortzea.

Baina nik gomendatu egin nahi nuke. Euskaltzaleei, orokorrean. Eta Azpeitiarrei, bereziki. Liburu laburra da ( ez da berrehun orrialdetara iristen ) eta arina egiten da irakurlearentzat. Gai garrantzitsuak ukitzen dituela esango nuke. Euskal prentsaren egoera Azpeitian, Egunkariaren itxiera eta Berriaren sorrera, Uztarria eta Hitzaren sorreraren nondik norakoak, egunkari espainiarrek dituzten salmenta handien datuak...

Ez da nire helburua inor liburu hau irakurtzera derrigortzea baina, norbait zalantzan balebil, konbentzitu nahiko nuke. Zergatik hartu behar du irakurleak ia berrehun orrialde irakurtzeko denbora eta nekea? Euskararekiko maitasuna berritzen duelako. Irakurtzen ditugun eleberri eta artikulu gehienen aldean garrantzitsua delako.

Inork imajina dezake euskararik gabeko euskalherri bat? Umeak eskolan erdaraz, langileak lantegietan erdaraz, familiak etxean erdaraz, agureak tertulian erdaraz... imajina dezakegu?

Adibide bat jarri nahi nuke. Duela aste batzuk, Zumaiara joan nintzen Igande arratsalde batean. Banku batean eseri eta izozki bat jaten egon nintzen, bero handia baitzegoen. Gustura nengoen, gertuan jolasean zebiltzan ume batzuei erreperatu nienean. Sei edo zortzi urte izango zituzten. Erderaz ari ziren, jo eta su. Beste pare bat neskato etorri ziren geroxeago. Haiek ere erdaraz. Ez nuen arratsalde hartan ume bakar bat euskaraz hitzegiten entzun. Non eta, Zumaian?

Uztarriako bazkide zaretenok, etxean izango duzue aurrez aipatutako liburua. Nik nuen moduan, bazterren batean ahaztuta seguru asko. Atera eta irakurri, gustu baduzue behintzat. Etxean ez duzuenok berriz, eskatu norbaiti. Niri, adibidez. Bestalde, Uztarria.com-en ere aurki daiteke. Euskarak, uste dut, hori baino gehiago merezi du.