Etorkinak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2006ko aza. 20a, 17:11

Etorkinak

 

Gero eta etorkin gehiago datoz. Herri guztietara. Azpeitira ere bai, noski. Herrialde behartsuetatik aberatsagoetara egiten den saltoa da. Denok dakigu zergatik. Beharra dutelako, beraien tokian egongo bagina guk ziurrenik egingo genukeen bezala. Baina zergatik dute behar hori? Zergatik dute mundu honetan 100 pertsona aberatsenek beste sei mila miloi pertsonek baina diru gehiago? Zergatik izan behar du Etiopian jaiotzen den ume batek zoriontsu izateko aukera gutxiago Noruegan jaiotzen den batekin alderatu ezkero?

 

Galderak egitea erantzunak ematea baino askoz errazagoa dela esaten omen zuen Lazkao txikik. Bazekien zer esaten zuen.

 

Ez da egoera erraza. Etorkinentzat bereziki. Ezta beraien herrietan geratzen diren famili eta lagunentzat ere. Euskadi irratian gai honi buruzko eztabaida bat entzuten egon nintzen aurreko batean. Inmigrazioan espezialista zen batek zihoenez, ez diogu herrialde pobreenei gure eskuzabaltasuna erakusteko lagundu behar. Ezta kontzientzia lasai edukitzeko ere. Ezta solidaritatea bezalako balore ederrak bultzatzeko ere. Guregatik egin behar dugu. Herrialde aberatsetan bizi garenongatik. Zergatik? Denborarekin, guretzat ere kalte handiak ekar ditzakeelako. Goseak frontera guztiak gainditu ditzakeela uste dut. Behartsuenei beren herrialdeetan duintasunez bizitzeko aukerarik ez badiogu usten, etortzen jarraituko dute. Edo zer egin behar dugu, Bush Mexikarrekin egiten ari den bezala, harresi bat eraiki eta eskuak garbitu? Noraino iritsi behar dugu?

 

Duela hogeitabost urte hirumila miloi pertsona bizi ziren munduan. Gaur egun seimila miloi baino gehiago gara. Horrela jarraituta, hamarmila miloi pertsona izango gara beste hogeitabost urtean. Beharbada zenbaki handiegiak dira guztiak ondo bizitzeko. Duintasunez bizitzeko.

 

Zer egin daiteke? Ni ez naiz gai honetan aditua. Ezta gutxiago ere. Baina niretzat, arazo larri hau konpontzeko biderik zuzenena oreka bat bilatzean egon daiteke. Herrialde aberats eta pobreen artean oreka bat bilatu behar dugu. Baina benetakoa izan behar du. Ez dadila hitz hutsean geratu, gobernu indartsuenak hartutako konpromisoak hutsean geratu ohi diren moduan. Bestela, etorkinen uholdea ez da sekula geldituko.

 

Adibide bat jarri nahi nuke. Angolan, bertako petrolioaren irabazietatik ateratzen den % 80 atzerriko enpresen esku dago. Horrelako mila adibide ipini ditzakegu. Noiz arte jarraitu behar dugu behartsuen irabazietatik etekinak ateratzen? Ruper Ordorika abeslariak bere kantan dioen bezala “ez da posible, ezin liteke...”