Izotz gutxirekin, faborez

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko urt. 1a, 16:01

Gabon hauetako egun batean taberna batetara sartu nintzen lagun batzuekin. Ez dut esango zer taberna zen, badaezpada. Niri tokatzen zitzaidan ordaintzea. Laister etxera joango ginela erabaki genuen eta, azkenengo tragoa zela ikusita, betiko zurito edo kaña eskatu beharrean, kubarroi bat eskatu genuen biren artean. Kanpoan egundoko hotza egiten zuen, kotxeak ihintzez estaltzen hasiak ziren ordurako. Eztarria ere pixka bat hartuta neukan, estu samar.

 

-Kubarroi bat atea zak, baino izotz gutxi botaiyok faborez, kanpuen nahiko hotz iteik eta- esan nion barrakoari.

 

Hitzez erantzun beharrean, irribarre ziniko batekin erantzun zidan hogei urte inguru zituen barrako mutilak.

 

Ez zitzaidan irribarre hura gehiegi gustatu, baina lagunekin hitz egiten jarraitu nuen, garrantzi handirik eman gabe.

 

Minutu pare batean jaso nuen kubarroia, lagunak pasa eta gero. Ez dakit zenbat izotz kozkor zituen, baina baso erdia baino gehiago betetzen zuten behintzat. Zazpi edo zortzi izango ziren.

 

Nahiko izaera lasaia dudala esango nuke eta saiatzen nahiz behintzat edozer txikikeriagatik mundu bat ez egiten. Baina amorru puntu bat esnatu zitzaidan barruan eta barrara biratu nintzen, mutilari zerbait esateko gogoz. Ez zegoen inor. Almazenean sartu zen beharbada. Azkenean, neuk atera nituen basotik kozkor gehienak.

 

Ulertzen dut barra batean une batzuetan lan egitea oso gogorra izango dela. Ez dakit zenbaterainoko gogorra, ez bainaiz barra baten atzean egon. Baina Larunbat gau arrunt bat zen. Zortzi edo hamar lagun geunden taberna osoan.

 

Konbinatu bat izotz gutxirekin eskatzeko eskubiderik ez al dugu? Ez al du bezeroak konbinatu bategatik ordaindu behar dituen lau euro hoiek izotz gutxi edo askorekin hartu nahi dituen erabakitzerik?

 

Tabernariak kexu direla entzun dut behin baina gehiagotan azken urte hauetan. Jende gutxi omen dabil kalean, kontsumoa azken bolada honetan asko jaitsi dela eta...

 

Kexatzea libre da, noski. Denok kexatzen gara, asko edo gutxi. Galdera pare bat bakarrik. Konbinatu bakoitzak balio dituen lau euro horietatik, zenbat euroko etekin garbia ateratzen du tabernak? Beste era batera esanda, zenbat kostatzen zaio tabernariari kubarroi batean isurtzen dituzten koka-kola, ron eta glaziar pusketa erraldoi horiek?

 

Botilloia goruntz omen doa gazteen artean, arraroa benetan...