Ilusio aztarnen atzetik

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko urt. 14a, 16:01

            

Jendearen begirada edo keinuetan ilusioa aurkitzea ez da erraza izaten. Helduetan baino errazago bila daitezke normalean aztarna horiek umeen artean. Umeei dena berri egiten zaie, dena dute deskubritzeko, dena ikasteko. Baina ez dakit ba, ez ote diren gaur egungo umeak ilusio puntu hori azkarregi galtzen ari.

 

Arratsaldero telebistan ikus daitezkeen eztabaida amaigabe horietako batean, zer pentsatua sortzen duen gauza horietako bat entzun nuen. Mahaian zegoenetako batek kontatu zuen, bere iloba bati gertatu zitzaiola eta, Kontua da, errege egunean jaiki eta bere etxean opariak irekitzen ari zela umea. Zorroak irekitzen ari dela, amonak deitzen dio telefonotik, joateko beraien etxera ere, ekarri dutela amonaren etxera ere umearentzako oparia. Eta, umearen erantzuna amonari:

 

-Jo... eta orain zure etxeraino joan behar dut han ere opariak irekitzeko?

 

Hariaren bestaldean amona isilik geratu da, umearen gurasoak bezala. Neu ere horrelaxe geratu nintzen, telebistan entzun nuenean. Lehenago ere banekien gaurko umeek opari gehiegi dituztela eta astebete baino lehen gehiengo handi batek armairuaren zokorik ezkutuenean amaitzen dutela. Baina bat da hori, eta bestea, oso desberdina nire ustez, umeak opariak irekitzeko ilusioa ere galdua izatea. Lehen aldiz entzun dut hau. Horretaraino iritsi dira dagoeneko generazio honetako haurrak? Norena da ume batek horrela erantzutearen errua? Berea? Gurasoena? Gizarte osoarena?

 

Haurtzaroko oroitzapenak

 

Burua urte batzuk atzera joan zait. 1985 ingurura. Sei bat urte izango nituen, zazpi beharbada. Erregeekin sinesten nuen oraindik zorionez. ( Errege magoekin, monarkikoekin ez bait naiz sekula ondo eman ). Gabonak iristeko aste pare bat gelditzen dira, eta komedoreko mahai gainean, gure gurasoek naximentoa ipini dute urteroko moduan, mimo handiz. Zelai eremu bezala, sistia errekatik ekarritako goroldioa dago. Bokata biltzeko erabiltzen dugun zilarrezko paperak ibai indartsu baten itxura hartzen du berehala eta ogi raiatuak artzaina eta bere artaldea doazen lur zatiaren itxura. Egurrezko kaxa xume bat dago aurrerago, barruan jesusen jaiotza izango dena irudikatzeko.

 

Nire amak, kaxaren bestaldeko muturrean, hiru erregeak jarraian ipintzen ditu, bakoitza bere gameluaren gainean. Eta hau esaten dio gozo, misterio kutsu bat eman nahian, orduan sei edo zazpi urteko haurra zenari:

 

-Ikusten gamelu hauek?- haurrak baietz egiten dio buruarekin- eta ikusten bestaldeko kaxa hura?- baietz berriro haurrak.- Ba, erregeak oso urrundik bidaian datoz, kaxa hartan jaio behar duen haurraren jaiotza ikusi nahi dutelako. Baina oso nekatuta daude, eta erdi galduta dabiltz. Norbaiten laguntza behar dute.

 

Bi asteren buruan erregeek bestaldean zegoen kaxara heldu behar zutela azaldu zidan amak. Nik gidatzea beharrezkoa zela. Eta goizero esnatzen nintzenean, naximentora joan eta erregeak pixka bat kaxara gerturatu behar nituela. Kaxara iristearekin batera, niretzat ere opariren bat ekarriko zutela agindu zidan.

 

Eta horrela egin nuen. Goizero begiak zabaldu eta aurreneko gauza, txiza gurari kasurik egin gabe, naximentora gerturatu eta errege bakoitza bere helmugara hurbiltzen nuen. Eta ze ilusiorekin egin ere! Bi hamarkada joan dira ihesi, baina oraindik atzo gertatu balira bezala gogoratzen ditut une haiek! Horrelako ilusio aztarnak sortu behar zaizkie gaurko umeei. Ez bihar edo etsi alboan utziko dituzten opari garesti pila erosi. Irudimena gehiago landu beharko genuke txikienekin...