Eskerrik asko Amaia

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko urt. 25a, 18:01

Herri guztietan izaten da (eta izan behar du) herriari nortasuna emango dion norbait, herriaren izaera islatuko duen norbait. Eta Azpeitian ere badago. Bat baino gehiago izango dira beharbada, baina nik bat gaineratuko nuke beste guztien gainetik. Amaia Garmendia da bera. Elizkaleko Amaia. Elizkaleko arima, saltsa, bizipoza.

 

Zenbat neska-mutil pasa dira bere eskuetatik urteetan eman dituen gitarra ikastaroetan? Berdinak izango lirateke elizkaleko festak berak jartzen dituen ilusio eta gogorik gabe? Berdinak San Sebastianak hasierako urte haietan umeen danborrada antolatzen hartu zituen lan eskerga haiek gabe? Berdinak San Inazioak zezenketaren aurka antolatzen dituen manifestazio herrikoirik gabe? Ez. Ez lirateke berdinak izango, Amaiak plater on batek behar-beharrezko dituen gatz eta piperra islatzen dituelako. Fundamentuzko festa baten ardatza delako.

 

Horrelako jendea mimo handiz zaindu behar du herriak. Galtzen ari den espezie batekoak direlako. Etekin ekonomikorik atera gabe lan egiteko prest dagoen espezie sinple batekoak direlako. Une batetik bestera, arrunta den festa bat berezi bihurtzen den jendea delako.

 

Zenbat gauza sustatu, bultzatu, egin ditu Amaiak herriaren alde? Eta alderantziz? Itzuli dio Azpeitiak Amaiari honek merezi duen guztia? Agian bai, agian ez. Amaia berari galdetu beharko zaio, ia zer esaten digun. Dena den, eskerrik asko hemendik, Amaia.