Nemearen erronka

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko ots. 23a, 12:02

           

Estitxu Elduaienek bota zigun enbidioa bost blogariri duela gutxi eta berehala hartu nuen erantzuteko erabakia. Erronka polita iruditu zitzaidan. Baina egia esan, ez nuen espero erantzutea horrenbeste kostatuko zitzaidanik. Kontua da (ez dakienarentzat), geure bizitzan izan ditugun bost sekretu kontatu behar genituela blog batean, eta kostatu bazait ere, uste baino izerdi gehiago bota eta gero, atera zaizkidala azkenean. Eta, amaitu dudanean, hustuta sentitu naiz, bederatzi hilabete eta gero, ume bat erditu duen ama bat izan banintz bezala (hori zer den jakin banu bezala). Hemen doaz, nire bizitzako sekretu edo, nire izakera neurri batean markatu duten pasadizoak:

 

 

1-  1986. Zazpi bat urte nituen. Haron (Errioxan) geunden udara pasatzen. Hamabi pertsona inguru (gurasoak, anaiak, izeba eta osaba, lehengusu bat edo beste...)

Arratsalde batean, izebak 200 pezeta eman eta gertu zegoen kantinara joateko esan zidan. Lehengusu eta anaientzat, guztiontzat, gozoki batzuk erostera bidali ninduen. Eta baita ni joan ere. Baina bidean, beste denak baino azkarrago nintzela pentsatuko nuen nonbait, gozoki guztiak eskuan ikusi nituenean, neuk jatea erabaki bainituen. Guztiak batera. Zertarako eman besteei? Ez nintzen neu joan erostera? Baina niretzat tamalez, ez dut gogoratzen nork baina, norbaitek momentu hura inmortalizatzea pentsatu zuen. Horrela azaltzen naiz, Haron gutxien uste nuenean atera zidaten argazki hartan, aho guztia gozokiz beteta, ito beharrean, kamera aurrean nire delitua frogatzen zuten gainerantzeko gozokiak esku artean ezkutatu nahian, alferrik noski. Oraindik ere, noizean behin, entzuten ditut orduan egindakoagatik galantak.

 

2-  1990 ingurua. Hamar bat urte. Txikitan asko gustatzen zitzaizkidan platanoak. Gehiegi. Orain ere bai, baina orduan gehiago. Kontuak kontu, arratsalde batean, zazpi jan nituen. Ia konturatu gabe. Eskerrak ez dudan hesteetan arazorik.

 

 3-   1994 ingurua. Hamalau urte. Esklabetan estudiatzen hasi ginela lehen urtean. Klaseko lehen eguna. Presentazio eguna. Pixka bat harrotuta. Gelakide berriak, Zestoarrak, Azkoitiarrak... jende berria. Barrutik pentsatzen: Horko hori neska politte (ona…), beste hori nere mouen ikasle txarra izengoek…Eta eseri eta gero, irakasleak etortzen hasten dira. Lehenengoarekin dena ondo. Lenguajeko irakaslie (seriyue, aspergarriye, normala...) Baina bigarrena iristen denean problema gehiago. Ingleseko irakaslie. Altua, argala, betaurreko borobilak, burusoila eta txistua tragatzen zuen bakoitzean eztarriko intxaurra bizirik zuela ematen zuena. Gora eta behera, igogailu modernuenak baino azkarrago. Eta, eutsi ezinik, barre atake histeriko horietako bat eman zidan. Ezin gelditu. Txantxa bat izango zela uste nuen, hura ez zela irakaslea, norbaitek sartu zuela hura han parre pixka bat egiteko, lehenengo eguneko tentsioa kentzeko. Eta azkenean, normala, moskeatu egin zen. Kalera. Presentazio egunean. Bigarren minutuan. Esklabetako errekorra. Ta ni, garai hartan, harro. Izena galdetu zidan atetik ateratzen ari nintzela

 

-Iñigo ja,ja,ja Ibarguren- nik eutsi ezinda, bere ahots serioak barregura gehiago eman baitzidan. Ez zuen bere itxurarekin zer ikusirik.

-Kalera, eta gainera apuntatu egingo dizut hau... por tonto- berak.

 

Badakit ez zegoela ondo baina, pasiloan barrez jarraitu nuen.

 

4. Eskulanetan beti izan naiz baldar samarra. Oso baldarra, egia esan. Txikitan andereñoak ume bakoitzari marrazki bat egiteko esaten zigun. Ume denen historia. Betikoa. Etxe handi bat, aita eta ama, ume bat edo beste, eguzkia hori bat goian, hodei batzuk... eta ez dakit nola egiten nuen baina pertsonak beti lauki formaz ateratzen zitzaizkidan. Bularraldea irudikatzeko, lauki handi bat, hanka bakoitzeko beste lauki bat... bolada batean ahaztea eta dena lortu nuen, baina lagunak arduratzen dira ahaztu ez dezadan. Afari baten baino gehiagotan gogoratu didate nire marrazteko abilezia.  Leonardok ikusi banindu...

 

5. Harzubi aldean bizi izan nintzen duela urte batzuk arte. Auzo hartan baziren bi edo hiru famili kanpotarrak. Extremaduratik etorritakoak. Familia bat behintzat bai. Eta umeak izan zituztenean, euskalerrirra integratzeko ahaleginetan edo, izen euskaldunak jartzea erabaki zuten. Bati Harkaitz ipini zioten. Baina bat da Harkaitz izena jartzea erabakitzea eta bestea, oso desberdina, ondo ahoskatzea. Kontua da, askotan balkoitik deitzen ziotenean, “Harkaitz” hots egin beharrean “Aka hai” moduko bat esaten ziotela. Eta nik, eta nire anaiek, barre batzuk egiteko aprobetxatzen genuela. “Akaaaiiii...”