Emango bat?

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko mar. 8a, 19:03

Lagun batekin eztabaida polita izan nuen aurreko batean bazkari batean. Giza harremanei buruz hitz egiten jardun genuen, egiten ditugun ( eta egin gabe uzten ditugun ) gauzei errepaso bat ematen. Eztabaida esan dut hasieran baina, egia esan, ez zen eztabaidara iritsi, biok iritzi berdinak genituelako, orokorrean behintzat.

 

Emozioak eta sentimenduak azalarazteko ditugun arazoak aipatu genituen bereziki.

 

Zenbat denbora pasa da azkenekoz benetako besarkada bat eman edo hartu zenuenetik? Hori izan zen laguna eta biok aipatu genuen gauzetako bat. Oso gutxitan ikusten ditugu ( gutxiegi nire ustez ) bi pertsona elkar besarkatzen. Beste norbait zoriondu behar dugunean, gaizki pasatzen ari den norbaiti babesa eman nahi diogunean, atzerrira joandako norbait etxera itzuli denean... une asko dira aproposak besarkada bat emateko. Baina benetakoa izan dadila, ez konpromisoz ematen den horietakoa.

 

Inoiz entzun duzue alexitimia hitza? Afektibitatearekin lotzen den trastorno psikologiko bat dela irakurri dut duela gutxi. Sentimenduak espresatzeko zailtasun handi edo ezinezkoarekin. Eta sentimenduak azaleratzeko karentzia horrek luzera arazo larriak ekar ditzakeela ere bai. Horrelako pertsona batekin bizitzea edo denbora luzean harreman ona izatea oso zaila bihurtzen omen da.

 

Pentsatu pixkatean zuen inguruko lagun eta familiarrekin. Benetako besarkadarik eman diozue aspaldian? Edo muxurik? Entzun diozue zuen arreba, anai, aitona, ama edo semeei beraien arazoei buruz hitz egiten?

 

Gauza batzuei buruz hitz egitea oso erraza da. Beste gai batzuk berriz... eztarriko zuloan geratzen zaizkigu zintzilik, ateratzeko garrantzitsuegiak balira bezala.

 Saiatu besarkada gehiago ematen, ondokoaren arazoak entzuten, norbait presentatzen digutenean benetako bi musu ematen, mesede egingo liguke denei. Emaileari eta hartzaileari.