Pirata bati

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko abe. 22a, 14:12

Duela urte gutxi arte izan genuen herrian antzinako pirata zaharren azken lekukoez gozatzeko aukera. Ez zuen haiek bezala begia estaliko zion partxerik ibiltzen baina, dena esan behar bada, behar handirik ere ez: kristalezko begi bat izanik, nahikoa zuen hura herriko haur eta gaztetxoen artean holako lilura edo beldur moduko bat sortzeko.

 

Ez zuen behar piraten txapel edo buruko zapirik pirata itxura izateko. Nahikoa zuen “euskal txapela” horretarako. Ez zuen barku erraldoirik behar Azpeitia gobernatzeko. Nahikoa zuen udaletxe azpiko banku batean eseri eta bertatik herriko gorabeherak aztertu ondoren, komeni ziren erabakiak hartzeko.

 

Ez zen garaieraz gizon altua, ez baitut uste metro eta erdira iristen zenik. Baina, egia esatera, ez dut uste behar handirik zuenik ere. Berak zuen irudimenarekin aski zuen gizon handienetan handienaren indarra ezerezean usteko ere.

 

Patxi “pirataz” ari naiz noski. Batzuk izango zenuten ezagutzeko zortea, beste batzuk, gazteenek behintzat, ez. Bere azken urteak Harzubian dagoen zahar etxean eman zituen. Ondoan dauden etxeetan bizi nintzen ni urte haietan, 1994 edo 1995 urteez ari naiz.

 

Kontua da, zahar etxearen paretik pasatzen ari nintzen batean, eskela bat zegoela jarrita eta, gerturatu nintzenean, bere argazkia ikusi nuela. Kriston pena eman zidan. Ez nituen gehiago entzungo bere abenturak, bere bidaia amaigabe, zoragarri eta irudimenez josiak. Ez nituen ikusiko berriro bekain iletsu eta zabal haiek, ezta beti eramaten zituen oinetako urdin eta alai haiek ere. Ez nuen entzungo gehiago bere ahots goxo hura, txikito bat hartzeko bost duro eskatu behar zituenean, erreguz betetzen zen berbera.

 

Ikusten duk Patxi, urte batzuk joan dituk baina, irudimen eta izaera handiko jendeaz gogoratzen gaituk herrian. Gogoratzea komeni baita.

 

-Joño Patxi, zer mouz? Dana ondo?

-Ondo bai, ondo. Atzo jun nitxuan Polo Nortea ta, buffff..., kriston hotza zaoan, ta segituen bueltatzie pentsau nian.

-Joño, hotza ehhh???? Earki, earki. Ta beste biajeik eiteko asmoik ba aldaukezu eooo???

-Ba, igual Polo Sur alde horta sartu irtenen bat eo, hainbeste hotzik ez baldinbao behintzet ehhhh???

-Earki Patxi, zu bai abenturerue.... bueno, bueno, ba segi ondo ta egongo gea...

-Bai, ehhhh, eonai momentu bat.... eztituk eukiko bost duro, hor Eperranien txikito bat hartzeko ez???? Eskertuko nikek ba....